Eskualdeko EAJko jarraitzaileekin bildu da Imanol Pradales lehendakarigaia

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 5a, 17:00
Imanol Pradales atzo Zarautzen, Antoniano aretora sartzerako orduan. (EAJ-PNV Gipuzkoa)

Euskadiren etorkizunari buruz duen ikuspegia eta bere proiektu politikoaren ildo nagusiak partekatu ditu EAJko lehendakarigaiak Zarauzko Antoniano aretoan egindako ekitaldian.

Apirilaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira, Eusko Alderdi Jeltzaleko lehendakarigai Imanol Pradales Urola Kosta eskualdeko alderdikide eta jarraitzaileekin bildu zen atzo Zarauzko Antoniano aretoan egindako ekitaldi batean. Eskualdeko zinegotzi eta ordezkari politikoak ere izan ziren saioan. Hauteskundeetara begira prestatu duen programa alderdikide eta jarraitzeileen aurrean partekatu nahi izan zuen Pradalesek.

"Pertsona guztientzako etorkizun fidagarri bat" aldarrikatun ondoren, bere programaren zutabe izango diren ideien berri eman zien bertaratutakoei. Hala, “ongizate integrala” eta “enplegua eta aberastasun ekonomikoa sortzea” lehentasunak dituela azaldu zuen lehendakarigai jeltzaleak. Aipatu ongizate integral horren barruan, "osasun sistema indartzea, pandemiaren zauriak sendatuz, Hezkuntza Lege berriaren aukera guztiak aprobetxatzea", edota politika propioak garatzearen beharra azpimarratu zuen, besteak beste, "gazteek emantzipatu eta bizi proiektuak garatu ahal izan ditzaten".

Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzearen alde ere egin zuen Pradalesek Zarauzko saioan, "pertsona guztientzat kalitatezko enplegua eta aukerak sortuko dituen ekonomia lehiakorra izaten jarraitzeko". Lehendakarigaiaren arabera, "tren hori hartzea funtsezkoa da hurrengo belaunaldien ongizatea bermatzeko, gure aurretik zeudenek egin zuten bezala”.

Hauteskundeetako kanpainari dagokionez, proposamenei buruz hitz egitearen eta ereduak alderatzearen aldekoa dela esan zuen Pradalesek. "EAJn argi daukagu gurea zein den, eta beste batzuek ere argi eta garbi hitz egitea gustatuko litzaiguke, hitz politak eta promes gauzaezinak alde batera utzita”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!