Ibai Makazagak Zarauzko Mahasti Krosa irabazi du hirugarrenez

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 10a, 15:30
Ibai Makazaga Mahasti Kroseko lasterketaren buruan, Mikel Usandizaga atzetik segika duela. (Jabi Gonzalez Toston)

Mikel Usandizaga aiarra izan da bigarrena gizonezkoetan, eta, emakumezkoetan Irune Lertxundik eta Ainhoa Usandizagak podiumeko bigarren eta hirugarren kutxak bete dituzte, hurrenez hurren.

Ibai Makazaga oriotarra eta Ioana Osa ondarroarra nagusitasunez gailendu dira Mahasti Krosaren bosgarren edizioan. Biek hala biek hasieratik hartu dute lasterketa burua emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan eta aurkariek ezin izan diete erritmoa jarraitu.

Hori horrela, hirugarrenez erreskadan irabazi du Talaiberri txakolindegiak antolatutako lasterketa Makazagak eta iazko denbora hobetuta egin du, gainera. 31 minutu eta 42 segundoan helmugaratu da aurten eta 32 minutu eta 25 segundo behar izan zituen iaz. Imanol Larrañaga azkoitiarrarekin pare-parean iritsi zen helmugara orduan. Larrañagak, ordea, aurtengoan ez du parte hartu.

Makazagaren atzetik Mikel Usandizaga aiarra izan da bigarrena ia minutu batera (0:32:36). Are handiagoa izan da hirugarrenarekiko aldea; izan ere, 35 minutuak gaindituta helmugaratu da. Hain justu, etxekoen artean azkarrena, Tomas Agirre zarauztarra, izan da gizonezkoen podiuma osatu duena (35:05).

Emakumezkoen sailkapenari erreparatuta, bestalde, bi oriotarrek bete dituzte podiumeko bigarren eta hirugarren kutxak. Irune Lertxundik (42:16) bigarrena eta Ainhoa Usandizagak hirugarrena, zehazki. Ioana Osa irabazleak 40 minutu eta 57 segundoan osatu du ibilbidea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!