Parrilla eta txuleta artean

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 18a, 08:42
Iruretagoiena, Atorrasagasti eta Arregi, larunbatean Txuleta Festan. (Onintza Lete Arrieta)

Bi oriotar eta aiar bat txuleta erretzen aritu dira asteburuan Zarauzko Munoa plazako karpan Txuleta Festaren harira. Horrera arte antzekotasunak. Izan ere, Jose Inazio Atorrasagasti eta Aratz Arregi karpako punta batean ibili dira, eta Gotzon Iruretagoiena, bestean. Oriotarrek milaka txuleta zati erre dituzte, eta aiarrak, bakarra. Oriotarrak lanean ibili dira goizetik gauera, eta aiarra, lehiatzen, eta ergometroarekin ere ausartu da.

Askorako eman du ostiral iluntzetik igande arratsaldera arte iraun duen Txuleta Festak. Zarauzko Munoa plazan Zarautz Arraun Elkarteak jarritako karpan lehiaketak eta txuleta jana izan dira nagusi, eta Orioko eta Aiako ordezkaritza ere izan da; modu anitzetan, gainera.

Euskal Parrilla Catering enpresan egiten dute lan Jose Inazio Atorrasagasti eta Aratz Arregi oriotarrek, eta milaka txuleta zati erretzen aritu dira parrillan. Izeta sagardotegiko Gotzon Iruretagoiena aiarrak, berriz, txuleta bakarra erre du, larunbateko Maestro Parrillero lehiaketan Gipuzkoa ordezkatuz. Igandean, berriz, herriko elkarte gastronomikoen arteko lehian parte hartu zuen, ergometroko partea eginez. "Urpekoak elkartekoa naiz, eta abisatu didate ergometrorako ez zutela inor, eta animatu egin naiz", azaldu zuen atzo, lehiaren aurretik, bideo honetan.

Lanak lan eta ardurak ardura, umoretsu zeuden hirurak larunbat goizean. Aurreneko orduak zer moduz joan ziren galdetuta, gustura ziren Atorrasagasti eta Arregi: "Ostirala lasai joan da, ondo. Gu ohituta gaude haragi askorekin lan egiten, eta guretzat samurra izan zen. Ostiralekoa beroketa izan zen, eta larunbatekoa, partida".

Biak bakarrik aritu dira asteburu osoan txuleta erretzen, baina ZAEko hamar kideren laguntza izan dute haragia ondo zatikatzeko.

Iruretagoiena ere pozik zen Gipuzkoa ordezkatzeko parrillan. "Hogei urte daramatzat lan honetan, egunero egiten dut, eta lehiaketan betikoa egingo dut, ez naiz hasiko esperimentatzen", zioen irribarretsu. Berarentzat txuleta batean garrantzitsuena, zalantzarik gabe, "alde bat ondo sellatu eta barrutik beroa egotea". Txapela Burgos (Gaztela eta Leon, Espainia) aldera joan zen, baina esperientzia berria poltsikoratuta gelditu da aiarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!