'Parean eta pareko'

Olatua gainditu duten erreferenteak

Jabi Gonzalez Toston, Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2024ko api. 12a, 09:00

Kirol arloko ekitaldi garrantzitsuenen artean, bada bat guztiei gailentzen zaiena: Olinpiar Jokoak. Lau urtetik behin, bisurteetan, jokatzen dituzte, bi astez, munduko kirolari onenen topaleku bilakatzen den hiri batean. Kirol diziplina ugari biltzen dituzte Jokoek; tartean, surfa ere bai. Hain zuzen ere, aurtengo Parisko Jokoetan bigarrenez izango da olinpikoa olatuak hartu eta mugimendu ikusgarriak egitean datzan kirola. Eta han izango dira eskualdeko bi emakume surflari: Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra. UKTren apirileko tokiko aldizkarietan argitaratutako GUKA ataleko edukia da elkarrizketa.

Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten Urola Kostako lehenengo surflariak izango dira Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000) eta Janire Gonzalez-Etxabarri (Zumaia, 2005). Uztailaren 27tik 30era bitartean egingo dute Tahitin (Polinesia Frantsesa), surflarien artean aski ezaguna den Teahupooko uharrian. Horren aurretik, ordea, goi mailako proba gehiago izango dituzte. Bada, horretaz guztiaz hitz egiteko GUKAk bi surflariak elkartu ditu, Zarauzko hondartzan, Puerto Ricoko Munduko Txapelketatik bueltan.

Puerto Ricon lortutako balentriaren ondoren, lanpetutako egunak izan zenituzten etxera bueltan; ongietorriak, batetik, prentsa agerraldiak, bestetik. Atseden hartzeko tarterik izan al zenuten?

NADIA EROSTARBE: Ni oso nekatuta iritsi nintzen handik, Munduko Txapelketagatik beragatik eta bidaiagatik. Gero gainera etorri zitzaidanak ere ez zidan lagundu atseden askorik hartzen, baina gustura hartzen diren gauzak ere badira, aldi berean. Oso ongietorri politikak eskaini zizkiguten bai aireportuan txartel olinpikoa lortu genuen guztioi batera, eta, bai, gero, norberari bere herrian. Horrez gain, elkarrizketa asko eskaini behar izan ditugu. Hala eta guztiz ere, lasai egoteko tarterik ere izan dugu. Batez ere, lo asko egiteko aprobetxatu nituen nik etxera itzuli ondorengo lehenengo egunak, eta gerora hasi nintzen egutegia begiratzen egin beharreko aldaketak egiteko. Teahupoora bidaia antolatu beharra daukagu Jokoen aurretik eremua ezagutzera joateko. 

JANIRE GONZALEZ-ETXABARRI: Nadiaren aldean atseden hartzeko aukera handiagoa izan nuen nik, halabeharrez. Belaunean min hartuta itzuli nintzen Puerto Ricotik, eta sendatzeko, geratu egin behar. Dena den, okerragoa izan 
zitekeen lesioa, bihurritua soilik izan baitzen, azkenean.

Atzera begira jarri eta zer datorkizue burura Puerto Ricon bizitakoa oroitzean?

N. E.: Oso esperientzia polita izan zen. Azken batean, euskaldunez beteriko talde batekin joan ginen hara, eta lagunarte ederra osatu genuen. Zentzu horretan, jende berria ezagutzeko balio izan dit txapelketak, Kai [Odriozola] eta Yago [Domingez] oso gutxi ezagutzen nituelako ordura arte. Ahaztuko ez ditugun momentu asko pasatu ditugu, eta asko lagundu diogu elkarri. Janire, adibidez, berehala erori zen bigarren aukerako txapelketa paralelora, lehenengo 
txandan kaleratu zutelako lehiaketa nagusitik, baina ez genion utzi bera animatzeari eta bultzada horri esker oso urrutira iritsi zen, azkenean; Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortu zuen.

J. G. E.: Asko kostatu zait jabetzea Olinpiar Jokoetan parte hartuko dudala. Etxera itzuli ondorengo lehenengo egunetan Nadiak txartela lortu zueneko ospakizunak baino ez nituen buruan oraindik. Hark eman zigun lehenengo 
albiste ona, eta denbora behar izan dut nire sailkapena eta Andyrena [Crier] barneratzeko. Horregatik, Puerto Ricon pentsatu eta Nadiari ura botatzen aritu gineneko momentua da burura datorkidan oroitzapenik gozoena.

Zure urtebetetze egunean jokatu zuen Nadiak Munduko Txapelketako finala. Azkenean, ordea, ezin zuri garaipena oparitu urtebetetzea borobiltzeko.

J. G. E.: Nahikoa egin zuela uste dut, eta izugarri pozten naiz beragatik. Talde osoak egin zuen sekulako lana, eta horixe erakusten du lortutako emaitzak ere. Ezin naiz kexatu.

Erdietsitako laugarren postua orain arte jokatu dituzun sei Munduko Txapelketetan lortu duzun emaitzarik onena izan da, Nadia. Aurreko parte hartzeetako esperientzia lagungarria izan al zaizu horretarako?

N. E.: Bai. Lasaiago lehiatu naiz, eta hobeto kudeatu dut txapelketa. Aurreko esperientzia horrek balio izan dit, batez ere, prestaketan zenbat surf egin behar nuen jakiteko. Azken finean, luzea da txapelketa, bederatzi egun irauten ditu, eta kanporaketaren bat galduz gero, bigarren aukeran aritu behar baduzu, gerta daiteke egun berean lau edo bost txanda jokatu behar izatea.

Bigarren aukera hori zapaldu ere ez duzu egin oraingoan.

N. E.: Ez, eta harrituta nago, egia esan, aurrez jokatu ditudan Munduko Txapelketa guztietan bigarren edo hirugarren kanporaketan erori naizelako bigarren aukera horretara. Azken finean, oso altua da parte hartzen duten surflarien maila, eta oraingoan ez da izan aurreko horietan baino apalagoa. Horregatik, izugarria iruditzen zait finalera sailkatu izana kanporaketa bakar bat ere galdu gabe.

Gutxigatik ez zinen Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu. Aranatza hori kendu al duzu?

N. E.: Bai. Txartela lortzetik postu bakarrera geratu nintzen Japoniako Munduko Txapelketan, eta banuen arantza hori. Kendu dut, eta oso gustura nago lortu dugun guztiarekin; zeren, nire laugarren postuaz gain, taldekako sailkapenean ere laugarrenak izan gara. Oso emaitza onak dira.

Janire, zuretzat, berriz, lehenengo Munduko Txapelketa izan da senior mailan, eta Olinpiar Jokoetarako txartela lortzearekin batera, hamabosgarren postua eskuratu duzu. Erdi lesionatuta iritsi zinen, gainera. Ez da gutxi.

J. G. E.: Harrigarria izan da, bai. Sekulako esperientzia izan da niretzat lehenengo Munduko Txapelketa, nahiz eta junior mailan jokatu izan ditudan batzuk. Oraingoan adinez ni baino nagusiagoak diren eta, ondorioz, eskarmentu handiagoa duten surflarien aurka aritu behar izan dut, baina oso gustura nago. Ez nuen inondik ere espero lortu dudan emaitza lortzea, ez baitzen nire helburua Olinpiar Jokoetarako txartel hori eskuratzea. Egia da behin txapelketan parte hartzen ari zarela egiten duzula ahalegina hori eskuratzeko, baina ni oraindik belauneko lesiotik guztiz osatu gabe 
nengoenez, nire gaitasunaren %60an aritu  nintzen. Horregatik, txapelketaz gozatzea eta taldekideekin harreman ona egitea ziren nire helburuak. Ez nuen uste hain urrun iritsiko nintzenik. Beraz, nire buruari esan diezaioke dana da "chapeau!".

Kirolari ororen ametsa da Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Surfa bigarrenez izango da olinpikoa aurten. Etorri al zitzaizuen norbait burura txartel preziatu hori lortzean?

N. E.: Onartu behar dut sekula ez naizela Olinpiar Jokoen jarraitzailea izan. Ez dut ikusteko ohiturarik izan nire familiarekin. Gainera, surfa berria denez Jokoetan, ez dut bertan izatearekin txikitatik askorik amestu. Dena den, 
2016an esan zutenean surfa ere kirol olinpikoa izango zela, surflarion barruan piztu zen zerbait, baina oroitu ez nintzen inorekin oroitu sailkatu nintzenean. Hori bai, oso eskertuta nago nire familiarekin eta urte hauetan guztietan babestu nauten guztiekin. 

J. G. E.: Nik ere familia, lagunak eta babesleak eskertu behar ditut, batez ere. Hala ere, sailkapena lortu nuen unean ez nintzen ari inorengan pentsatzen, momentuan nahikoa kostatzen da ulertzea zer lortu duzun eta nola egin duzun.

Olinpiar Jokoetarako prestaketa elkarrekin egiteko asmoa al duzue? Edo bakoitzak bere aldetik egingo du lehiakideak izango zaretelako?

N. E.: Batera egingo dugu prestaketa txartela lortu dugun hiru surflariok, Andy ere gurekin etorriko baita Teahupoora Jokoen aurretik egingo dugun bidaian. Horrez gain, beste entrenatzaile batekin edo birekin joateko asmoa dugu Janireren belauna guztiz osatutakoan. Eremu oso berezia da hangoa, eta denok elkarrekin joateak mesede egingo digu.

J. G. E.: Nadiak eta nik txikitatik ezagutzen dugu elkar. Urte askoan entrenatu dugu elkarrekin, baina aurkariak ere betidanik izan gara. Beti diot uretan ez dagoela Nadia baino hobea den emakume surflaririk, eta Andy ere bikaina 
da. Gainera, hiruretatik aurrez Teahupoon egon den bakarra da, eta haren esperientzia oso lagungarria izango zaigu.

Olinpiar Jokoen aurretik, ordea, izango duzue beste txapelketarik, eta horiek ere ezin albo batera utzi. CS Challenger Serieetan arituko zarete biok aurten, surfeko gorengo mailaren atariko zirkuituan. Jokoen aurretik CSetako hiru proba izango dituzue, hain justu.

N. E.: CSetako probak oso garrantzitsuak dira, eta gure maila onena eman behar dugu horietan. Proba batetik bestera ditugun tarteetan saiatuko gara Teahupoora joaten. Behin edo bitan behintzat joan nahi dugu Jokoak behar bezala prestatzeko, baina oso garestia da hara bidaiatzea. Puerto Ricotik itzuli ginenean gure egutegia berrantolatzen aritu ginela esan dudanean horretaz ari nintzen, hain zuzen. Australian izango ditugu CSetako lehenengo bi probak apirila bukaeran eta maiatza hasieran, eta bertatik Tahitira joateko aprobetxatu nahi dugu, gertuago egongo garelako. Dena den, oraindik ez dakigu txapelketak baino lehenago edo ondoren joango garen.

J. G. E.: Biok CSetarako sailkatuta egoteak asko erraztu du berrantolaketa hori. Azken finean, urte osorako plangintza berbera edo oso antzekoa izango dugu.

CSei lotuta, gonbidatuta edota hutsik geratutako plazak beteta lau probatan parte hartu zenuen 2023an, Nadia, eta sekulako maila erakutsi zenuen. Gutxigatik ez zenuen lortu munduko surflari onenak biltzen dituen CT Championship Tourrera sailkatzea. Arantzarik utzi al dizu horrek?

N. E.: Noski utzi didala. Dena den, onartu behar dut ez nuela uste hain urrun iritsiko nintzenik lau proba soilik jokatuta, ez bainuen huts egiteko marjinarik. Sei probak osatzen dute zirkuitua, eta horietan lortutako lau emaitza onenetako puntuekin osatzen dute sailkapena. Nik zortzigarren postuan amaitu dut, eta bost surflari onenak soilik sailkatzen dira CTera. Iazko CSetako azken proba jokatu aurretik, oraindik banuen aukerarik CTera sailkatzeko, nahiz eta banekien oso zaila izango zela. Txapelketa hasitakoan, kanporaketak gainditzen joan nintzen bata bestearen atzetik, nire lehia kide ziren surflarietako asko kalean geratzen zihoazen bitartean; dena ondo ari zitzaidan ateratzen, baina finalaurrekoan kaleratu egin ninduten. Hala eta guztiz ere, oso gustura nago egindako lanarekin, CSetako zortzigarren izatea ez baita nolanahikoa. Aurten berriro egingo dut ahalegina CTera sailkatzeko.

Zutaz aspaldidanik esan izan da etorkizun 
oparoa aurreikusten zitzaion surflaria zinela, 
Janire. Hori baieztatzeko denboraldia izan 
al da aurtengoa?

J. G. E.: Iaz eman nuen jauzi serioa open mailara, eta gauzak ondo ateratzen ari zaizkit. Junior mailan bereganatutako esperientzia oso baliagarria izan zait horretarako. Azken batean, prestaketarako urteak dira juniorretakoak. Horregatik, esan daiteke prestatuta iritsi naizela open mailara. Oso gustura nago orain arte lortu dudanarekin, eta jarraitzeko gogotsu nago.

Olinpiar Jokoetan lehiakide izango zarete, CSetan ere hala izango zarete eta Europako QS Qualifying Series zirkuituan eta Espainiako Iberdrola ligan ere hala izan zarete 2023an. Lagunak izan arren, ohituta zaudete elkarren aurka aritzera, beraz. Eragin al du horrek eztabaidarik zuen artean?

N. E.: Oso lagun onak gara, baina garbi dut uretan nik irabazi nahi dudala eta berak ere helburu bera duela. Hortaz, badakit bera bigarren badoa eta ni hirugarren ez didala utziko olaturik hartzen, eta nik ere gauza bera egingo  dut egoera kontrakoa bada. Txanda berean lehiatzea tokatzen zaigunean, egin beharrekoa egingo dugu irabazteko, eta uretatik ateratakoan adiskideak izaten jarraituko dugu beti. 

J. G. E.: Lana lana da eta surfa da gurea. Bakoitzak oso serio hartzen du hori. Elkarrekin entrenatzen ere izaten ditugu gure arteko pikeak, baina ez dira gauza bera. Dena den, txapelketa batean elkarren kontra jokatu behar dugunean 
izaten ditugun pikeak ere sanoak dira.

Erreferente bilakatu zarete biok zuon herrietan ez ezik, baita Euskal Herri osoan ere. Arlo horretan, gainera, aldaketa esanguratsua eman da; izan ere, Zarauzko surflari erreferentea lehen Aritz Aranburu bazen, orain 
Nadia Erostarbe da, eta Zumaian lehen Imanol Yeregi bazen, orain Janire Gonzalez-Etxabarri. Biak emakumeak. Benetan sentitzen al zarete erreferenteak?

N. E.: Nik onartu behar dut hala sentitzen naizela, bai. Puerto Ricon Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortu zuen lehen euskal surflaria izan nintzen [Olinpiar Jokoetan lehiatu den lehen euskal surflaria Pauline Ado angeluarra izan zen 
Tokion], gero etorri ziren Janireren eta Andyren sailkapenak, eta, hirutik bi emakumeak izateak  uste dut oso balio handia duela hurrengo belaunaldientzat; neska gazteentzat, gehienbat. Dena den, garrantzitusa da oso mutilentzat ere ikus dezaten emakumeok ere gauza handiak egin ditzakegula. Erreferenteei lotuta, Aritz eta Hodei [Collazo] izan dira niretzako ereduak. Herrian bertan hainbat urtetan jokatu izan duten Pro Zarautz txapelketa ikusiz hasi nintzen surfean. Oso txapelketa garrantzitsua zen, eta beti nahi izan nuen irabazi; nire ametsa zen, nahiz eta mutilek soilik jokatzen zuten. 

J. G. E.: Bidea zabaldu dugu, nolabait. Nirekin Nadiak egin zuen, Japonian txartela lortzetik postu bakarrera geratu zenean, eta orain erakutsi dugu lana eta esfortzua eginez gero, benetan dela posible hemengo emakume surflari batek Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortzea. Uste dut nire ahizpari [Annette Gonzalez-Etxabarri] edota Zarauzko Calderon ahizpa bikiei [Nahia eta Kora] indarra emango diela guk lortutakoak.

Zuen aurretik ere izan dira Olinpiar Jokoetan lehiatu diren eskualdeko emakume kirolariak. Zarauzkoak bertakoak batzuk, Ainhoa Murua lautan edo Karmele Makazaga, kasurako. Adibideak egon badauden arren, gehiago 
sortzea beharrezkoa dela iruditzen al zaizue?

N. E.: Bai. Guk emakume erreferente asko izan ditugu, baina surfari lotutakoak agian ez hainbeste, Euskal Herrikoak, batik bat. Dena den, badira zenbait; Miriam Imaz, adibidez. Edonola ere, beste kirol batzuetan izan ditugu emakume eredugarri gehiago, esan bezala. Horregatik, surfean ere erreferenteak sortzen jarraitzea garrantzitsua da. Txikia nintzenean ni eta beste hiru neska izango ginen soilik surfean aritzen zirenak; orain, aldiz, kopurua dezente 
parekatu da. Horrek erakusten du aldaketa handia izan dela, eta espero dugu hobera egiten jarraitzea.

Surfean bada alderik oraindik gizonen eta emakumeen artean? Izan dira kexak olatu onenak dauden orduak gizonentzat gordetzen dituztelako, adibidez. Hori benetan gertatzen al da?

N. E.: Oraindik gertatzen dira horrelakoak, bai. Egia da gero eta gutxiago direla desberdintasunak, ahaleginak egiten ari direlako berdintasuna lortzeko; sari ekonomikoak parekatu dituzte, esaterako. Hala ere, badago zer hobetua. 
Olatuei lotuta, hain justu, lehiari ekiteko orduan txarrak badira, emakumeekin hastea erabakitzen dute antolatzaileek askotan. Olatu txarrak, ordea, guztiontzat dira txarrak. Gainera, zentzudunagoa litzateke gizonekin hastea, emakumeok baino txanda gehiago jokatu behar izaten dituztelako normalean. Dena den, emakumeekin hastea erabaki izan dutenean guk ere adierazi dugu desadostasuna eta borrokatu dugu arduradunek atzera egin dezaten. 
Horrela lortu dugu gauzak pixkanaka aldatzea. Zentzu horretan, CTean eman dute aurrerapauso nabarmena. Duela bi urtetik txapelketa berberak jokatzen dituzte gizonek eta emakumeek, eta, garai berean, gainera. Horrek bultzada handia eman die emakume surflariei, lehen ez zutelako aukera olatu jakin batzuetan aritzeko.

Azken horren harira, zuek lehen aldiz izango duzue aukera Olinpiar Jokoak hartuko dituen Teahupooko olatu ezagunean aritzeko. Paristik 15.000 kilometrora aritze horrek, ordea, hiri olinpikoko giroa galtzea ekarriko dizue. Diotenez, hori izaten da Jokoetako berezitasun ederrenetakoa. Baduzue penarik, horregatik?

J. G. E.: Nik zertxobait, bai. Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu dugun arren, iruditzen zait esperientzia ez dela osoa izango eta ez dugula benetan ezagutuko Jokoak zer diren. Hala ere, gure palmaresean argi eta garbi geratuko 
da kirolari olinpikoak izan garela eta horrek betirako balio du.

N. E.: Pena izango da Parisko giro hori galtzea, baina Tahitira joatea bera ere oso berezia izango da. Gainera, ziur nago bai Janirek eta bai nik izango dugula Olinpiar Joko gehiagotan ere parte hartzeko aukera. Ondorioz, izango dugu nahikoa denbora hiri olinpikoa ezagutzeko. Kontrara, ez dut uste beste Joko batzuk egingo dituztenik Tahitin.

Olinpiar Jokoetako ikurraren tatuajea egitea ere oso ohikoa izaten da kirolari olinpikoen artean. Zuek baduzue horretarako asmorik?

J. G. E.: Nik gustuko ditut tatuajeak, baina ez dut bost uztaiena egiteko asmorik, zatarra iruditzen zait oso [barre egiten du]. Balio handiagoa ematen diot nire buruan geratuko den oroitzapenari, besoan edo nire azaleko beste 
edozein tokitan hura gogoratzeko ikur olinpikoa egiteari baino. Gainera, tatuajeren bat egitekotan, Puerto Ricoko zerbait egitea egokiagoa iruditzen zait, bertan lortu dugulako olinpikoak izatea eta oso berezia izan delako talde osoarekin bizi izan dugun guztia. Horregatik, horren parte izan garenon artean jada hitz egin dugu denok egin dezakegula zerbait.

N. E.: Nik ere ez dut pentsatzen uztaiak tatuatzea [barre egiten du]. Zerbait egitekotan, Tahiti edo Puerto Rico gogoraraziko didan zerbait egingo dut Janirek aipatu duen bezalaxe.

Urrun daude Jokoak oraindik, baina dagoeneko izango dituzue buruan. Zerekin amesten duzue?

N. E.: Sekulako hodiak egitearekin, batez ere, eta zorte apur bat izanda, dominaren bat lortzearekin. Hala ere, helburu nagusia da ondo pasatzea eta esperientziaz gozatzea. Azken batean, gauza asko berriak izango dira guretzat: lehenengo Jokoak eta Teahupoon lehiatuko garen lehenengo aldia. 

J. G. E.: Esperientzia aprobetxatzea da lehentasuna, eta bertan osatuko dugun taldearekin gozatzea. Andyk, Nadiak eta nik oso harreman ona daukagu, eta, uste dut talde ona egingo dugula. Sekulako aukera izango da guretzat, eta berriro errepikatzerik izango ez duguna, agian. Gainera, Jokoak lau urtetik behin izaten dira soilik. Horregatik, dena ematera joango gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!