Anuska Esnal eta Jon Ander Azpiroz, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautes-zerrendetan

Ane Olaizola 2024ko mar. 26a, 16:00

Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Gipuzkoan 11 alderdi aurkeztu dira bozetara. Horiek dagoeneko argitaratu dituzte hautesleen zerrendak. EAJren zerrendan dago Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea, eta EH Bilduren zerrendan, berriz, Anuska Esnal Orioko alkatea.

Apirilaren 21ean egingo dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko hasi dira alderdiak bozetarako prestatzen. Duela aste batzuk zabaldu zuten posta bidezko botoa emateko epea, egunotan egin dituzte hauteskundeen egunean mahaietan izango diren kideak erabakitzeko zozketak herriz herri, eta gainera, dagoeneko argitaratu dituzte hautes-zerrendak. 

Gipuzkoan 11 alderdi aurkeztuko dira bozetara, 2020an baino lau gehiago: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE, PP, Bidezko Mundurantz, VOX, PACMA, Aulki Zuriak (AZ) eta Izan. Zerrenda horietan eskualdeko hainbat lagun aurkeztu dira.

Alderdiek aurkeztu dituzten zerrendaburuak ez dira Urola Kostakoak, baina atzeragoko postuetan badira eskualdeko bizilagun batzuk. EAJren zerrendan, adibidez, hirugarrena da Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra, eta bederatzigarrena Garikoitz Mendizabal zestoarra. Ane Gil azpeitiarra hamaikagarrena da, eta segidan jarraitzen dio Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak. 16. postuan ageri da Miren Letamendia zarauztarra, eta ordezkoetan da Irune Urbieta herrikidea. 

EH Bilduren zerrendan ere badira eskualdeko herritarrak. Hain zuzen ere, hirugarrena da Itziar Murua zarauztarra, 18.a Arritxu Iribar zumaiarra, eta 20.a Anuska Esnal Orioko alkatea. Joanes Amenabar azpeitiarra, berriz, ordezkoetan da. 

Bestalde, PSE-EEren zerrendako hamabigarrena Inaxio Illarramendi zarauztarra da, eta 21. postuan da Janire Igoa azkoitiarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!