EAJk Azkoitian hasi du hauteskunde kanpaina

Mireia Galarza Bastida eta Iraia Oteiza 2024ko api. 6a, 15:24

Eskualdeko alderdi jeltzaleko hainbat ordezkari ere izan dira bertan. Bi ereduren arteko "lehia jokoan" dagoela azaldu du lehendakarigaiak, eta horien artean "EAJk orain arte egindako kudeaketa eta lorpenak lehenetsi" behar direla beste behin ere. 

Hasi da Eusko Legebiltzarrerako bozetako hauteskunde kanpaina, eta EAJk Azkoitian ekin dio epe baliotsu horri. Imanol Pradales lehendakarigaiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegaiak eta Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak hartu dute hitza, eta bertan izan dira eskualdeko alderdikide asko ere. Bi ereduren arteko lehia dagoela azaldu dute, eta horien artean EAJk orain arte egindako kudeaketa eta lorpenak lehenetsi behar direla beste behin ere. 

Horri lotuta, 2011n Gipuzkoan gertatutakoa gogoan izateko eskatu du lehendakarigaiak, bere esanetan, "inprobisazioa eta inposizioa" izan zelako orduan EH Bilduk egin zuena. Gaineratu duenez, "jokoan dago ondo bizitzen jarraitzea ala bizi kalitatea okertzea".

Joseba Egibarrek, bere aldetik, "etxekalte" izatea leporatu dio ezker abertzaleari, eta haien anbizioaz ohartarazi du: "Boterea lortu nahi dute gizartea kontrolatzeko. Orduan ezagutuko ditugu beraien benetako proiektuak".

Bakartxo Tejeriak, berriz, "katastrofismoaren aurrean egia eta populismoaren aurrean demokrazia" defendatuko dituztela adierazi du. Batzuek jeltzaleak "lokartu" nahi dituztela esan du, eta horrenbestez, "EAJk gobernatzen jarraitu ahal izateko, jeltzaleei botoa ematearen beharra" aldarrikatu du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!