Eusko Legebiltzarrerako hautagaien elkarrizketak eskainiko ditu UKTk gaur gauetik aurrera

Erredakzioa 2024ko api. 11a, 11:03

Txomin Madina kazetariak Eusko Legebiltzarrerako alderdiek aurkeztu dituzten lehendakarigaiak eta hautagaiak elkarrizketatu ditu, eta haiei egindako elkarrizketak ikusgai izango dira gaur gauetik aurrera Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) Guka webguneetan eta Erlo Guka Telebistan, 22:00etan hasita. Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia izango da lehen elkarrizketatua.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira, eta egun horren atarian EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, Elkarrekin Podemoseko eta Sumarreko lehendakarigaiak nahiz hautagaiak elkarrizketatu ditu etxe honek, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), Gipuzkoako euskarazko tokiko telebistekin elkarlanean.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako bigarren hautagaia eta Andeka Larrea Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua elkarrizketatu ditu Txomin Madina Goienako kazetariak. Hain justu, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eginiko elkarrizketa ikusi ahal izango da gaur, 22:00etan.

Madinak gidatuta, alderdi bakoitzeko hautagaien iritziak zein proposamenak entzun eta ezagutu ahal izango dituzte herritarrek gaurtik datorren asteazkenera bitartean —larunbatean eta igandean ez—, 22:00etatik aurrera. Elkarrizketak tokiko Guka webguneetan —Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza—, Urola Kostako Hitza Gukan eta Erlo Guka Telebistan jarraitu ahal izango dira.

Honako hemen elkarrizketen egutegia, egunez egun:

  • Apirilak 11, osteguna: Imanol Pradales (EAJ)
  • Apirilak 12, ostirala: Pello Otxandiano (EH Bildu)
  • Apirilak 15, astelehena: Denis Itxaso (PSE-EE)
  • Apirilak 16, asteartea: Miren Etxebeste (Elkarrekin Podemos)
  • Apirilak 17, asteazkena: Andeka Larrea (Sumar)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!