Jon Ander Azpirozek eta Anuska Esnalek ez dute eserlekurik izango Legebiltzarrean

Aitziber Arzallus 2024ko api. 23a, 10:50

Aiako alkatea EAJren Gipuzkoako zerrendako hamabigarrena zen, baina jeltzaleek  bederatzi eserleku lortu dituztenez,  ez du lekurik izango, eta ezta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan hogeigarren lekuan aurkeztu zen Anuska Esnal oriotarrak ere. Eskualdeko beste hiru lagunek bai: Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarrak (EAJ), Garikoitz Mendizabal zestoarrak (EAJ) eta Itziar Murua zarauztarrak (EH Bildu).

Ostiralean zenbatuko dituzte Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hautesle Erroldan izena emanda dauden 8.197 arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren botoak, baina horien faltan, igande iluntzean nahikoa erabakita gelditu zen datozen urteetan alderdi bakoitzak Eusko Legebiltzarrean zenbat eserleku izango dituen: EAJk eta EH Bilduk 27na izango dituzte, PSE-EEk hamabi izango ditu, PPk zazpi, eta Sumarrek eta Voxek bana. Eta Legebiltzarreko eserleku horietako hiru Urola Kostako herritarrek beteko dituzte; Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarrak (EAJ), Garikoitz Mendizabal zestoarrak (EAJ) eta Itziar Murua zarauztarrak (EH Bildu).

EAJren Gipuzkoako zerrendan hirugarrena zen Arrizabalaga eta bederatzigarrena Mendizabal. Jeltzaleek bederatzi eserleku lortu dituzte Gipuzkoan, eta horrenbestez, legebiltzarkide izango dira biak. Ez, ordea, zerrendan hamaikagarrena zen Ane Gil azpeitiarra eta hamabigarrena zen Jon Ander Azpiroz aiarra.

EH Bilduk, berriz, 11 eserleku lortu ditu Gipuzkoan, eta horietako bat Muruak beteko du, koalizioaren Gipuzkoako zerrendan hirugarren lekuan aurkeztu zelako. Zerrendan hemezortzigarren aurkeztu zen Arritxu Iribar zumaiarrak eta hogeigarren lekuan aurkeztu zen Anuska Esnal oriotarrak ez dute jarlekurik izango.

PSE-EEren zerrendako hamabigarrena zen Inaxio Illarramendi zarauztarra eta 21. postuan aurkeztu zen Janire Igoa azkoitiarra ere aulkirik gabe gelditu dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!