EAJk irabazi ditu Aian Eusko Legebiltzarrerako bozak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 12a, 22:04

Gertu jarraitu dio EH Bilduk EAJri, 18 botoko aldea bakarrik izan baita gaurkoan bien artean.

Ez da ezustekorik izan gaur Aian, eta 2016an bezala, EAJk lortu ditu boto gehien, 367 herritarren babesa jaso du hain zuzen ere. Dena dela, beherakada nabarmena izan du EAJk Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeekin alderatuta, 2016an baino 112 boza gutxiago eskuratu baitituzte jeltzaleek.

EH Bildu bigarren indarra izan bada ere, gertutik jarraitu dio EAJri, 349 boto lortu baititu gaurkoan. Elkarrekin Ahal Dugu izan da hirugarren alderdirik bozkatuena, 29 boza jasota, eta honek ere behera egin du nabarmen aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuta. PSE-EEK 11 boto jaso ditu, eta Equok eta PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioak 9na. Vox eta Por Un Mundo Mas Justo izan dira azken indarrak.

Hona hemen botoa eskuratu duten alderdien emaitzak, 2016koekin alderatuta:

EAJ: 367 (2016an 112 boto)
EH Bildu: 349 (2016an 362 boto)
Elkarrekin - IU: 29 (2016an 78 boto)
PSE-EE: 11 (2016an 16 boto)
EQUO: 9 (Elkarrekin Podemosekin batera aurkeztu zen 2016an)
PP+ Cs: 9 (PPk 2016an 7 boto)
VOX: 5
Por un mundo mas justo: 1

Emaitza horiez gain, 3 boto baliogabe eta 12 zuri ere izan dira gaurkoan Aian.

Ez ohiko hauteskunde eguna

Emaitzez harago, aitortu behar da ezohikoa izan dela gaur hauteskunde eguna. Ilun argitu du egunak, eta hauteslekuak ireki dituztenean ekaitza eta euri zaparrak ari bazituen ere, goizean bozkatzeko ohitura dutenek ez dute hutsik egin eta hauteslekuetara gerturatu dira. Egunak aurrera egin ahala, ordea, eguraldiak hobera egin arren, parte hartzeak behera egin du, eta Eusko Jaurlaritzako datuen arabera %52koa izan da parte hartzea.

  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!