Aiako Udal Gobernuaren "elkarlanerako borondate eza" salatu du EH Bilduk

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 19a, 10:15

Azaldu du EAJk ez dituela kontuan izan aurrekontuen inguruan EH Bilduk aurkeztutako proposamenak. Auzoetako dirua "zertan erabiliko den" ez dela "argitu" ere salatu du.

Aiako Udalak urtarrila amaieran onartu zuen 2.518.367 euroko aurrekontua urte honetarako, EAJ taldeko sei zinegotzien aldeko botoekin. Aurka bozkatu zuten, ordea, EH Bilduko hautetsiek. "Udal Gobernuaren elkarlanerako borondate ezak ezezkoa bozkatzera behartu gintuen", azaldu dute orain.

EH Bilduren esanetan, abuztuan ekin zion 2021eko aurrekontuen inguruko "proposamenak biltzeari", eta azaroa amaieran helarazi zizkion proposamen horiek Aiako alkate Nekane Arrizabalagari. Alkateari "hitz egitea" eta "elkartzea" proposatu ziotela diote EH Bilduko kideek, baita "aurrekontuen zirriborroa eskatu" ziotela ere. Dena den, ez zutela "informaziorik jaso" salatu dute, eta gaitzetsi dute Arrizabalagak adierazi izana ez zuela oposizioaren "proposamenik jaso". "Ez da egia", dio EH Bilduk.

Udalak aurrekontuak onartu dituen arren, EH Bilduk gaineratu du Udal Gobernuak oraindik ez duela "argitu" auzoetako dirua "zertan erabiliko den".

"Minduta" daudela diote Aiako EH Bilduko kideek, eta ez dakitela "zer dela-eta aukeratu duen bide hori" EAJk. "Dirudienez, Udal Gobernua ez dago prest Aiako EH Bilduk, duintasunez, eurekin eta herritarrekin lan egin dezan onartzeko", iritzi diote. Nabarmendu dute horren "adierazgarri" dela, besteak beste, Aia izatea EH Bilduk "bulego propiorik ez duen herri bakarra", "Urola Kosta osoan". 

Aiarrei "gogorarazi" diete "lasai hurbil" daitezkeela haiengana, eta Aiak "aldaketa merezi eta behar" duela esan dute.

Erlazionatuak

2.518.367 euroko aurrekontua izango du Aiako Udalak 2021ean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021 ots 03 Aia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!