Ainara Saizar: "Doinu bakoitzera moldatzea gustatzen zait"

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 27a, 09:00
Ainara Saizar panderojole aiarra. (Onintza Lete Arrieta)

Hamaika trikiti txapelketa irabaziak ditu Ainara Saizar panderojole aiarrak, Xabi Etxaniz trikitilari azkoitiarrarekin batera. Urtarrileko aldizkarian tartea egin zion Karkarak, eta txikitatik datorkion pandero zaletasunaz aritu zen.

"Panderojolea, ama, perfekzionista eta jenio bizikoa" da Ainara Saizar (Aia, 1988) iazko elkarrizketaren batean aitortua duenez. "Orain ere horrelaxe definituko nintzateke", gaineratu du. Hamaika trikiti txapelketa irabaziak ditu Xabi Etxaniz trikitilari azkoitiarrarekin, eta datorren urtean ospatuko den txapelketan parte hartuko duten ala ez argi ez badu ere, ez du ezezko borobilik esan. 

Trikitiaren bueltan ibili zara txikitatik. 

Bai. Etxean txikitatik entzuten genuen trikitia, eta panderoak ere beti gertu izaten genituen. Niri, berez, trikitixa gustatzen zitzaidan, hori ikasi nahi nuen, anaiak ere jotzen zuelako. Amak baietz esaten zidan, 9 urte egindakoan hasiko nintzela, eta bete nituen 9 urte, eta hasi nintzen ikasten, Azkoitiko musika eskolan. Han ezagutu nuen Xabi Etxaniz. Txapelketetarako prestatzen zebilen, panderojolea behar zuen, eta nik banekienez panderoa jotzen, azkenean halaxe hasi ginen txapelketen munduan, 14 urterekin edo. Beti esaten nuen txapelketa batean atera nahiko nukeela trikitixa joaz, baina ez da gertatu; arantza horixe geldituko zait. 

Ibilbide oparoa egin duzue.

Hala da, bai. Xabi krak bat da; gure belaunaldiko onena dela esango nuke. Oso harreman ona egin genuen hasieratik, eta uste dut konplizitate horrek jotzerako momentuan ere baduela eragina. Asko gustatzen zaigu, pila bat gozatu dugu, eta txapelketetan ondo ibiltzen ginenez...

Txapel mordoa etxera...

Bai. Elkarrekin hemeretzi txapel ditugula uste dut. Azken urteetan, Markinan [Bizkaia] helduentzako txapelketa antolatzen ari dira, eta beste bi txapel ditugu. Bi urtetik behin egiten dute: aurrenekoa irabazi genuen, bigarrengoan bigarren gelditu ginen, eta iaz berriro irabazi genuen. 

Etxaniz zuen belaunaldiko onena dela diozu, baina zeuk ere izango duzu merituaren zatiren bat. Zer azpimarratuko zenuke zure jotzeko moduaz?

Indartsu jotzen dut panderoa, eta gustatzen zait musikarekin batera joatea, doinu bakoitzera moldatzea. Nahiko plazandrea ere banaiz; oholtzara ateratzen naizenean, hemen nago ni esaten dut. Gozatu egiten dut jendaurrean joz. 

Txapel edo sari berezirik baduzu gogoan?

Begira, 16 urte inguru genituenean, Kursaalera joan ginen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatutako nazioarteko trikiti jaialdi batera, eta gogoan dut guretzat oso erreferenteak ziren pertsonak joan zirela. Egun pasa eraman gintuzten, eta famatuek bezala, geure kamerinoa genuen, eta oroitzapen oso polita daukat. 

Erreferenteak aipatu dituzu. Zein dira zureak?

Maixa eta Ixiar, Kristina eta Amaia, Alaitz eta Maider... Txikitan etxean asko bizi izan dugu euskal musika, trikitixa batez ere, eta gu etxean beraiei imitatzen jolasten ginen: ni soinua jotzen, ahizpa panderoa jotzen... Gurasoengandik etorri zaigu, aitarengandik, trikitixa asko gustatzen zitzaiolako. Berak ez zuen ikasteko aukerarik eduki, baina igandero Aristerrazura joaten ginen erromerietara. 

Bereziki hunkitzen zaituen piezarik badago?

Zoritxarrez, aita eta anaia falta zaizkit, eta aukera izan dut San Jose jaialdian parte hartu eta beraientzat egindako kanta jotzekoa: mundu guztiaren aurrean beraiei eskaini ahal izan nien pieza. Xabik sortu zuen pieza, eta Egoitz Eizagirrek egin zituen bertsoak. Oso bereziak dira niretzat. 

Eguna alaitu nahi duzunean zer abesti entzuten duzu?

Oraindik ere pila bat entzuten dut Maixa eta Ixiar, baita Gozategi ere; barruan zerbait eragiten dit Gozategik. Denetarik entzuten dut, baina trikitixak zerbait berezia sortzen dit. 

Trikitixa sasoi onean al dago?

Baietz uste dut, aldaketa garaian dagoen arren: oraindik batzuentzat tradizional-tradizionala da, baina ikusten dut asko zabaltzen ari dela hainbat musika estilotan. Gero, ikusi besterik ez dago igandeetan nola egoten den Aristerrazu gaztez beteta. Oso bizirik ikusten dut trikitixa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!