'Palaziyo': "Gustuko nuen taxian jendearekin hitz egitea eta kantatzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 27a, 13:15
Jose Ignacio Alustiza 'Palaziyo'. (Arnaitz Rubio)

Jose Ignacio Alustiza Palaziyo ezaguna da oso Aia eta Orion. Gurpil gainean ibili da urte askoz, eta orain dela urte bat hartu du erretiroa. Hori aitzaki hartuta, elkarrizketatu egin du Karkarak maiatzeko alean. 

Jose Ignacio Alustiza Palaziyo sei anai-arrebetatik mutilezko bakarra da. Txikitatik zorte handia izan duela dio, Laurgain auzoko jauregian bizitzeagatik alde batetik, eta horren ondorioz, bestetik, Palaziyo ezizena egokitzeagatik, eta "ez beste edonolako izenik". Urtebete igaro da erretiroa hartu zuenetik. Askorentzat ez du aurkezpenik ere behar: Aiako zein inguruetako herritarren autobus gidari izan da urte askotan; azkenengo hamarkadan, berriz, taxiarekin ibiltzen zen handik eta hemendik. Hori bai, beti trikiti doinuek lagunduta. Urte horietan guztietan pasatako hamaika kontakizun ditu orain, behin erretiratuta, kontatzeko. 

Nolatan pasatu zinen autobus gidari izatetik taxilari izatera?
Ezkondu egin nintzen, eta autobusa uzteko momentua iritsi zen; urte sabatikoa hartu nahi nuen eta... Bada, horren ondoren, Aiako brigadan hasi nintzen lanean; lau urtez aritu nintzen, hori ere bukatu egin zitzaidan arte. Orduan Balerdi zen herriko taxilaria, eta erretiroa hartu behar zuela esan zidan. Aukera ona iruditu zitzaidan, eta halaxe hasi nintzen taxilari lanak egiten. 

Hiruretatik, zure ogibiderik gustukoena aukeratzen jakingo zenuke?
Hiru horietatik brigadakoa da lanik errazena. Izan ere, asteko bost egunetan lana egin eta asteburu osoa libre izaten nuen. Beste bi ogibideek ez dute horretarako aukerarik ematen, baina tira, lanbide guztietan bezala, beti daude alde onak eta txarrak. Bigarren postuan jarriko nuke taxilari izatearena; autobusekoa baino gertuagoko harremana sortzen zen taxiarekin. Azken finean, askoz pertsona gutxiago kabitzen ziren autobusarekin alderatuz, eta nik uste hori nabaritu egiten zela harremanetan. Horrez gain, taxilari moduan lanean ari nintzen guztietan lo egitera etxera itzultzen nintzen, baina autobus gidari gisa, bidaia asko luzeak izaten ziren. Askotan igarotzen genituen bi aste etxetik kanpo, eta hori ez nuen hain ondo eramaten. 

Taxia jarri duzu hurrenkeran bigarren. Hala ere, zure taxia bazen nahiko autobusa... 
Bai, halaxe da. Bederatzi pertsonarentzako lekua zuen, eta ez hori bakarrik; oraingo furgonetekin konparatuta zabala zen oso. 

Aiarren eta oriotarren artean, hain zuzen ere, gurpil gainean ibiltzeagatik egin zinen ezaguna… 
Bai. Azkenean, bertako haur asko ikusi ditut hazten; eskoletara eta institutuetara bidaia asko egiten nituen. Nik uste hainbat urtetan egunero-egunero izan nintzela beraien eguneroko autobus gidari eta, azkenean, hortik herritar askok ezagutu naute. Azken urteetan gazteekin ere bidaia asko egin ditut sagardotegietatik bueltan. Bazkariren bat izaten zuten kuadrillek ere askotan deitzen zidaten bila joateko... Oraingo umeen artean, ordea, ez naiz oso ezaguna izango, erretiroa hartu baitut jada. 

Zehazki, noiz hartu duzu erretiroa?
Maiatzean urtea beteko da erretiroa hartu nuela. Berez, pasa den urteko martxoan hartu behar nuen, baina aurrez saldu egin nahi nuen taxi lizentzia, eta egia esanda, nahikoa kostatu zait. 

Lehen esan duzu zure lanik gustukoena brigadakoa izan dela, baina hainbeste denbora gidari lanetan arituta... Alde onik bilatuko diozu ba, ezta?
Bai, noski. Gustuko nuen jendearekin hitz egitea eta kantatzea. Orokorrean, jendearekin hartu-eman hori edukitzea polita zen niretzat. Herritar askok bizitza osotik ezagutuko banindute bezala egiten zidaten kasu; asko eskertzen nuen hori. 

Oriotarrak ala aiarrak, nortzuk portatzen ziren hobekien?
Kar-kar-kar. Hor ez naiz sartuko, baina orokorrean, jende oso onarekin egin nuen topo egunerokotasunean, errespetuz tratatzen ninduten. Dena den, taxilari nintzen garaietan bazen amorru handia ematen zidan gauza bat... 

Zer?
Hainbat kuadrillak deitzen zidaten ordu txikitan beraien bila joateko nahiko urrutira. Nik baiezkoa ematen nien, baina lekura iritsitakoan, behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan geratuta geunden lekura inor ez azaltzea.

Anekdotak ere izango dituzu... 
Bai, autobus gidaria nintzenean, esaterako, Orion sokamuturra egiten zen, eta behin hori ikustera jaitsi nintzen. Ni, ustez, nahiko urruti nengoen jarrita, baina kontua da zezenak harrapatu egin ninduela, eta hurrengo bi asteetan gutxienez, eskolako haurrak kantari hasten ziren autobusera sartu orduko. Zera esaten zidaten: si te ha pillado el toro jodete

Baina taxilari garaietako anekdotarik baduzu?
Baita ere. Taxi gidari batek, normalean, herritarrak hara eta hona eramaten egiten du lan, baina nik bestelako lanak ere egin izan ditut. Aiako baserri batzuetatik deitzen zidaten pentzua eramateko. Behin, adibidez, baserritar batek deitu zidan esanez Villabona-Amasako denda batean medikamentu espezial bat zegoela eta hori behar zuela. Han joan nintzen ni taxia hartuta, medikamentu haren bila. Horiek guztiek bidaia txintxo-txintxo egiten zuten, isilik joaten ziren beti, lan asko eman gabe, kar-kar-kar.  

Txanogorri aipatu gabe utzi behar al duzu?
Horren errua Mikel Markezek du. Afari batean ginen biok, eta Aiako hainbat kantu galtzear zeudela eta, disko bat egiteko ideia sortu zen. Lau haizetara zabaldu genuen asmoa, eta hainbat auzotatik gurekin harremanetan jarri ziren kantuak bazituztela eta esaten. Bada, azkenean, bi kantu grabatu nituen nik Mikel Markezekin: Herriko festak eta zuk aipatutako Txanogorri. Nonbait, askok ezagutu egin zuten nire ahotsa, eta taxilari garaietan autora sartu orduko askok eskatzen zidaten kantu hura jartzeko, eta kantatzeko. Eta, nola ez, ni kantuan hasi behar, goizeko 03:00 baziren ere. Esan beharra daukat hori sagardotegi garaietan eskatzen zidatela gehienbat. 

Aiako abestiena al zen orduan bidaiarien disko faboritoena? 
Faboritoena ez dakit, baina gehien eskatzen zidatena, bai. Gero kontua da, hainbeste urtetan gehiegitan erabili nuela diskoa, eta ez dakit kotxearen bibrazioak ere eragina ez ote zuen, baina diskoa urratu egin zen. Berdin-berdin jartzen nuen. Bertsio elektronikoa atera zuen ondoren Mikel Markezek. Ikaragarri gustatzen zitzaidan bertsio hura. Kontua da, hura ere hainbeste urteren ondoren ez zela batere ondo entzuten, eta nik Mikel Markezi esan nion berriz grabatu beharko zidala. 

Trikiti kantak ere ez ziren atzean gelditzen zure taxi zein autobusean... 
Trikiti doinuek asko emozionatu izan naute betidanik. Batzuek nahiago izaten dituzte beste estilo batzuk, baina nirea trikitixa da.  Nik ere jotzen dut, duela 40 urte inguru hasi nintzen. Zarautzen izaten nituen eskolak Martinekin, baina gero Villabonara joateko erabakia hartu zuen hark, eta hortxe geratu zen guztia. Batzuek, denborak aurrera egin ahala, jotzea utzi egiten dute, baina nik jarraitu egiten dut. Hori bai, maila berean; ez dut okertu ez hobetu trikitixa jotzen. Orain jubilatu naizela, hasi beharko dut gehiago praktikatzen. Usurbilgo ilobak esan ohi dit erakutsiko didala.

Taxi palaziyo. Zure ezizena zeraman taxiak ere...
Bai, Laurgain auzoko jauregian jaio ginen etxeko sei seme-alabak. Jauregiak badu nagusia, baina gu, jauregiko zaintzaileak, bertan jaio ginen. Esan bezala, sei anai-arreba ginen, ni neu mutilezko bakarra. Eta Palaziyo ezizenez niri bakarrik deitzen didate; arrebei ez. Ez galdetu zergatik... Tira, Aian, ordea, nahiko normala dela esango nuke etxearen edo baserriaren izenez deitzea familiari. Alde batetik, nik zorte ona izan nuen ezizenari dagokionez. Herrian badira ezizen ez oso politak; Auzokalte, esaterako, kar-kar-kar. 

Etxeko mutil bakarra orduan, zu. Ondo moldatzen al zinen arrebekin?
Bai, 16 urte arte errieta egiten zidaten: "Hi, festara joaten hasi beharko dek", esaten zidaten; jaietara joaten ez nintzelako. Gero, ordea, liskarra izaten genuen ez nintzelako etxera bueltan etortzen. Beti errieta egin behar, kar-kar-kar. Tarteko zerbait bilatu behar nuen eta, nik, nonbait, muga hori pasatu egin nuen. Etxean geratzen nintzenean etxetik mugitu ere ez nintzelako egiten, eta parrandan hasi nintzenean, ikusi ere egiten ez nindutelako istilua; hau da hau, marka.

Nola gogoratzen dituzu palaziyoko urteak?
Oso onak izan ziren. Bertan jaio nintzen. Jauregiak sala handiak ditu, eta hantxe ibiltzen ginen handik eta hemendik jolasean. Egun ere joaten naiz bertara, baina ez naiz hor bizi. Orain salgai dago, beno, denbora dezente doa salmentan, eta horrek izugarrizko pena ematen dit pertsonalki. Diputazioari ere aukera eman zioten, jauregia erosteko, baina ez zuen nahi izan. Erakusteko eta oso leku polita da benetan, hor azaldu zen baita ere duela urte batzuk, Elkanoren karta bat. Horren inguruan duda asko daude. Jauregi honen famili jabeek, Seguran beste jauregi bat zuen, eta hori herriari eman zioten. Orduantxe, kamioia hartu eta Segurara joan ginen, jauregiko gauza guztiak Aiara ekartzeko asmoz. Altzariak, liburuak, liburutegiak... gauza asko ekarri genituen Laurgainera. Bada, Segurako liburutegiak Aian muntatzen hasi ginen, eta liburuak eta halako gauzak sailkatzeko bi aditu etorri ziren. Lan horretan ari zirela aurkitu zuten karta hori; orain ez dakit lehendik zegoen Aian ala Seguratik ekarria izan zen, seguru ez dakigu. 

Joango al zinateke Laurgain auzotik beste lekuren batera bizitzera?
Aiako kaskora bizitzera joan nahiko luketen esan diet seme-alabei. Hamabost eta hamabi urte dituzte orain, eta bueltaka ibiltzen naiz. Leku batetik bestera eramateko eskatzen didate, erretiratuta egonda ere taxista lanak egiten jarraitzen dut. Hamabost ditu semeak, eta dagoeneko hasi dira bere hainbat lagun festara eta joaten, bera momentuz, Aia inguruan ibiltzen da. Gero ni bezalakoxea izango da eta hor izango ditugu komeriak. Zigarroa jada gutxi erretzen dut, baina lehen errieta egiten zidan semeak, erretzea uzteko eskatzen zidan. Nik esaten nion, agian erretzea ezingo dut utzi guztiz, baina hi ez ari hasi!. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!