Martxoaren 3an izango da XIII. Aiako Mendi Lasterketa

Andrea Zipitria 2024ko urt. 16a, 09:05

Dagoeneko ireki dute izen-ematea. Parte hartu nahi duen orok, martxoaren 1a baino lehen eman beharko du izena kirolprobak.eus webgunean, hemezortzi euro ordainduta.

XIII. Aiako Mendi Lasterketak badu eguna. Martxoaren 3an, igandearekin, jokatuko da eta dagoeneko zabaldu dute izen-ematea, kirolprobak.eus atarian. Parte hartu nahi dutenek webgune horretan egin beharko dute inskripzioa, martxoaren 1a baino lehen. Hemezortzi euro ordaindu beharko dira eta, 16 urte beteta izatea da proban parte hartzeko bete beharreko baldintza bakarra. Gehienez 400 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Momentuz, 100 pertsonek eman dute izena.

Martxoaren 3an izango da proba, 10:30ean hasita, Aiako plazatik. Hamabost kilometroko ibilbidea egin ondoren, leku berean amaituko da. Hiruna sari banatuko dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, 200 eurokoak, 150 eurokoak eta 100 eurokoak. Dena den, inork kategoriako marka hausten badu, 100 euroko saria jasoko du. 1:03:39koa da gizonezkoen marka Aiako Mendi Lasterketan, eta 1:14:23koa emakumezkoena. Sari horiez gain, parte hartzen duten korrikalari guztiek elastiko bat jasoko dute opari, eta hamaiketako beroa eskainiko zaie. 

Iazko edizioan, Alain Santamaria izan zen helmugara lehen iritsi den korrikalaria, 1:03:39 denborarekin. Gainera, orain arte Aiako Mendi Lasterketak gizonezko kategorian zuen marka hautsi du, 1:04:35ekoa baitzen orain arteko marka. Emakumezkoen artean, Marina Gonzalez izan zen azkarrena (1:26:03).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!