Transibilbideak BTT bizikleta ibilbidearen abiapuntu Orio eta Aia

Karkara 2014ko eka. 3a, 14:06

Orion hasi eta amaitu, eta Aiatik pasatzen da Euskal Herriari bira ematen dion ibilbidea

Txirrindulari talde batek, beren esperientzia eta zaletasunetik, ibilbide bat sortu du Euskal Herriari bizikletaz buelta emateko. 27 etapak osatzen dute Transibilbideak BTT ibilbide zirkularra, eta Orio du abiapuntu eta helmuga. Hiriburu batetik gertu eta ongi komunikatuta dagoelako, hasiera emateko leku egokia iruditu zaie sortzaileei.

Ibilbidea zati ezberdinetan banatzen da. Orion hasi eta Aiatik pasatzen da lehena: Altxerri errekatik Laurgain aldera igoz hasten da, eta handik Zarautzera jaisten da, Aitzetik barrena. Kostatik jarraituz, Mutrikuraino doa 50,99 kilometroko bidea.

Azkenak, hogeita zazpigarren egunean, Aritxulegitik Oriorainoko ibilbidea egiten du, 54,76 kilometro hain zuzen. Aiako Harritik pasatutu, Andoain zeharkatu, Adunatik igo eta Santio Errekara jaisten da bidea, handik berriz ere Oriora itzultzeko.

Ibilaldiak webgunea du eta bidaiarien ekarpenak eskatzen dituzte egileek bertan. Horrela, Ibilbidea egiteko asmoa duenak, ekarpenen eta bideoen laguntzaz ikus ditzake maldak, ostatu ezberdinen balorazioak eta abar.

Euskal Herriko hainbat paraje zeharkatzen ditu eta Transibilbideak, eta ia ehun naturgunetatik pasatzen da. Orioko itxasadarra, Bidasoa ibaia, Urkiola, Urbasa eta beste toki ugari ezagutzeko aukera dago 27 etapatan.

Ibilbidea egin ondoren esperientzia konta dezake edonork webgunean. Informazio gehiago hemen eta hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!