Langileak kontratatzeko erraztasunak

Karkara 2014ko ira. 9a, 08:00

Urola Kostako Udal Elkarteak martxan ditu bi diru-laguntza deialdi eta horien inguruko informazio-saioa antolatu du.

Krisiaren ondorioz hainbeste igo den langabeziari aurre egiteko, Urola Kostako Udal Elkarteak langileak kontratatzeko bi diru-laguntza programa ditu martxan eskualdeko enpresentzat.

Eskualdeko langabeak kontratatzeko diru laguntzak emango ditu, batetik. 2014ko irailaren 1etik aurrera eginikoak eta gutxienez hiru hilabetekoak izan behar dute kontratuek. Iraupen horretako kontratuentzat 3.000 euro emango ditu Udal Elkarteak, eta sei hilabetekoentzat 6.000 euro. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko urtarrilaren 15ean amaitzen da.

Bestetik, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzak eskatzeko epe-muga 2014ko urriaren 3a da. Laguntza hau eskatzeko baldintzak honakoak dira: gazteekin sinatutako kontratuetako lanpostuak EAEko lantokietan betetzea, 2014ko azaroaren 21a baino lehen hastea, gutxienez sei hilabeteko iraupena izatea eta lanaldi osoa edo partziala izatea, baina inoiz ez ezarritako lanaldiaren %70etik beherakoa. Diru-laguntzaren zenbatekoa kontratu bakoitzaren soldata gordinaren araberakoa izango da.

Bi laguntza horiek eskatu nahi dituzten enpresentzat informazio saio bat antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Datorren ostiralean, irailaren 12an izango da saioa Udal Elkartearen eoitzan –Urdaneta bidea 6, Zarautz–. Bi saio egingo dira, lehena euskaraz 12:00etan eta bestea gazteleraz 13:00etan.

Jardunaldian parte hartzeko aurrez izena eman behar da 943890808 telefono zenbakian edo enpresa@urolakosta.org helbidean.

LanGunea berriz martxan

Martxotik ekainera bitartean LanGunean aritu diren bi taldeen emaitza aipagarria dela eta, udazkenean beste bi jarriko ditu martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Bertan, lana bilatzeko prozesua hobetu eta bakoitzaren baliabide, konfidantza eta potentzialtasuna azalaratzen laguntzen dute, prestakuntza teoriko eta aplikazio praktikoaren bidez.

2014ko irailatik abendura egingo da LanGunea, astean bi egunetan. 9:30etatik 13:00etara izango dira jardunaldiak Udal Elkartearen egoitzan. Izena emateko, www.urolakosta.org helbidean edo Elkartean bertan eskura daiteken eskaera orria aurkeztu behar da ondoko helbidera bidaliz: lanpoltsa@urolakosta.org. Plaza kopuru mugatua da eta hautaketa prozesu bat egingo da izena ematen dutenen artean. Informazio edo argibide gehiago nahi duenak 943890808 telefono zenbakian aurki ditzake.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!