Emakume baserritarren bozgoragailu

Karkara 2014ko urr. 13a, 12:45

Urriaren 15ean elkartuko dira Orion Hitzez elkarteko emakumeak beren osasun egoera hobetzeko helburua duten jardunaldietan

Urtero-urtero, hutsik egin gabe, Gipuzkoako emakume baserritarrak biltzen dira urrian. Itzalpean izan diren emakumeak dira, isilpean egon direnak. Emakume hauek hitza hartzen dute egun honetan eta ekintzak antolatzen dituzte beren osasuna hobetze aldera.

Aurten Orion bilduko dira, biharko egunean. Urriaren 15ean egin dute zita eta Orioko Herri Ikastolan bilduko dira goizeko 9:00etan. Harrera egingo die eta ordu erdi igaro ostean jardunaldiekin hasiko dira, 9:30ean. Jardunaldi horietan esperientziak eta ekimenak trukatuko dira, eta ondoren, dinamika parte-hartzaile baten bitartez mahai gainean jarriko dira. Guztien iritziak bilduko dira, ondorioak atera ahal izateko. Behin lanak amaituta bazkaria egingo dute.

Urola Kostan sortutako elkartea

Gipuzkoako emakume baserritarren elkarteak Hitzez du izena. Emakume baserritarrei hitza jartzea 2007an erabaki zuten, Urola Kostako bost andrek. Duela zazpi urtetatik lanean dabiltza landa-inguruneko emakumeen osasuna hobetzeko helburuarekin.

Osasun egoera hobetze aldera formakuntza saioak egiten dituzte, prozesu parte-hartzaileak dituzten ekimenak egiten dituzte, non eztabaidatu egiten duten eta hausnarketarako esparru propioak sortzen dituzten. Hori guztia urteetan isilpean bizi izan dituzten bizipenak, zailtasunak, beldurrak, poztasunak eta minak adierazi ahal izateko.

Hitzez bozgoragailu da landa-inguruneko emakumeentzat. Kontziente dira beren lana baserriko familia-kideen zainketa izan dela, baina, kasu askotan, ez dute beren burua zaindu.  Horri buelta emateko xedea du biharko ekimenak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!