Turismoa sustatzeko azoka

Karkara 2014ko urr. 16a, 08:50

Aiako eta Orioko turismo eskaintza ezagutaraziko da asteburu honetan Gasteizko Zeledon plazan egingo den azokan

Arabako hiriburuan, Gasteiz erdialdean, izango dira asteburu batez Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaia. Ostiralean hasi eta igandera bitarte Urola Kostako herri horien eskaintza turistikoa erakutsiko zaie gasteiztarrei; ondorengo topaketa kostaldean izateko helburuarekin, Urola Kosta ezagutzen. 

Aia eta Orio izango dira ezagutzera eramango diren bost herrietako bi. Kostaldeko paraje ederrak ezagutarazteaz gain gastronomiak ere izango du protagonismoa turismo azoka honetan. Ostiralean, urriaren 17an, eguerdiko 12:00etan egingo da inaugurazio ofiziala. Inaugurazio-zinta moztearekin batera parrilla piztuko da eta euskal kostaldeko erara egindako hegaluzea egingo da bertan.

Hegaluzea egiten den bitartean herri horietako informazio turistikoa eskainiko da: jatetxeak eta tabernak, ostatuak, turismo aktiboko enpresak, museoak, ekoizleak... eta hegaluzea puntuan dagoenean dastatzeko aukera egongo da. 

 

Ostiralean hasi eta asteburura luzatuko da azoka. Larunbatean 13:00etan hasiko da hegaluzea parrillan jartzearekin batera. 125 metro karratu dituen karpa batean informazio turistikoa emango da, eta alboko espazio batean tailerrak egingo dira.

 

Igandean Orioko saregileek emango diote hasiera azokari. 11:30ean izango da eta jendeak eskuz esku lan egin ahal izango du Orioko sare konpontzaileekin. Egun osoko ekitaldia izango da non tailerrak, hitzaldiak, dastaketak, argazki-saioak eta abar egongo diren. Azokak gaueko 20:30ean itxiko ditu ateak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!