Ateak zabaldu ditu Azterkosta erakusketak

Karkara 2014ko urr. 22a, 11:38

Gaur zabaldu ditu ateak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak antolatzen duen Azterkosta 2014 erakusketak. Kultur Etxeko aretoen egongo da ikusgai, goiz eta arratsalde, urriaren 22tik 29ra.

Euskal kostaldearen inguruko galderak luzatu eta erantzunak ematen ditu erakusketak. Helburua euskal kostaldeko ekosistemen ezagupena bultzatzea da eta, horretarako, zortzi informazio-panel ipini dituzte. Lau alde banatan.

Kostaldeko ingurumen balioak gizakiarentzat duen garrantzia kontuan izanik, bere iraunkortasuna zalantzan jartzen du erakusketak. Gizakiaren jokamoldea auzitan jartzen du eta jokaerak naturan duen eraginaren inguruan hausnartzeko galderak egiten ditu. Lurraren okupazio masiboa egin da, turismoa ere masifikatu egin da, uraren kutsatu da, organismo exotikoak sartu ditugu eta gehiegi arrantzatu da gure kostaldean. Horrek guztiak ekosistemaren galera ekarri du; baina egoera aldatu daiteke, gizakiaren esku dago aldaketa, eta horretarako gakoak luzatzen dituzte.

Interesgarriak diren inguru natural ugari daude Euskal Herrian, baita hainbat paisaia aldakor interesgarri ere. Gizakiak utzi du bere aztarna gune interesgarri hauetan: Bermeoko Almikako Andramari eliza, Foruako aztarnategiak, Lekeitioko Lumentxako koba, arrantzaleen kofradiak, marea-errotak, Ondarroako Likonako dorretxea, Arteagako dorrea, babeslekuak...asko eta asko dira euskal kostan gizakiak egindako eraikinak.

Babestutako kostaldearen biodibertsitatea azpimarratzen du erakusketak. Badia eta estuarioetan itsasoa mantsotu egiten da eta, horrek, hareak hondartzak eratzea eta lokatzak padurak eratzea laguntzen du. Paduretan ohikoa da hegazti zangaluzeak ikustea; hondarretan, sarritan, azaltzen dira kukubilko moluskuak; inguru lohitsuetan algak azaltzen dira eta dunetako zelaietan itsas krabelinak hazten dira.

Landareek ere egokitu egin behar izaten dute bizitzeko. Izan ere, kostaldeko bizitza ez da erraza. Marea badoa eta badator, haizeak ingurua lehortzen du eta olatuak indar handiz apurtzen dira, kresala sakabanatuz. Horrek haitzetan ere egina dauka, gure itsasbazterrean olatuek eta haize nagusiek ez baitute oztoporik aurkitzen, eta apurka-apurka harkaitza igatzen baitute.

Kostaldearen irakurketa egiten du gaurtik aurrera zabalik egongo den erakusketak. Ateak hilaren 29an itxiko ditu, iluntzean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!