Esportazio arrakastatsu bat egiteko gakoak

Karkara 2014ko aza. 11a, 09:01

Estatu Batuetara nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresek esportatzeko kontutan izan behar diren arlo garrantzitsuenak azalduko ditu Jon Zabaletak jardunaldian

Nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresek Estatu Batuetan izan ditzaketen aukera eta trabak landuko dira Urola Kostako Udal Elkarteak antolatu duen jardunaldian. Estatu Batuetara esportatzeko kontutan izan behar diren arlo garrantzitsuenak azalduko dira, nazioartekotze prozesu baten prestakuntza txar edo ahul batek eragozpen ugari ekar baititzake enpresa esportatzaileei.

Saioan nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresa batek bere produktuak Estatu Batuetara esportatzeko, landu eta ezagutu beharrekoak jorratuko dira. Horretarako, Estatu Batuak dituen berezitasunak ezagutzea ezinbestekoa da, eta eskaintzen dituen negozio aukerak elikadura sektorean, esportazio prozesu arrakastatsu bat bermatzeko.

Azaroaren 13an izango da hitzaldia, goizeko 9:00etatik 11:30etara. Urola Kostako Udal Elkartean izango da jardunaldia, Zarauzko Urdaneta bideko seigarrenean.

Saioaren edukiak eta gaiak

  • Zeintzuk dira elikadura produktuen mundu mailako joerak?
  • Gourmet produktuen definizioa.
  • Gourmet merkatuaren garrantzia eta tamaina Estatu Batuetan.
  • Merkatuaren bilakaera eta estatu mailako azterketa Estatu Batuetan
  • Komertzializazio kanalak
  • Inportatzailea / banatzailea / brokerra / txikizkariak
  • Sustapenerako tresnak eta Feria garrantzitsuenak
  • Garraio logistikoa eta Incoterm baldintzak
  • Etiketatu araudia eta beharrezkoak diren erregistroak
  • Ohiko akatsak
  • Arrakasta kasuak
  • Galderak

Jon Zabaleta izango da saioa gidatuko duena, hizlaria. Enpresa zientzietan lizentziatua da bera, Deustuko Unibertsitatean. FAGOR Etxetresnak kooperatiban egin zuen lan 1985etik 87ra, marketing sailean; 87tik 99ra LATZ enpresako esportazio zuzendaria izan zen eta ordutik gaur egun arte Gipuzkoako Merkatal Ganberako nezakaritza-elikadura sektorean egiten du lan.

Izena emateko edo informazio gehiagora jarri kontaktuan Aintzane Ruesgasekin. Bi bide dituzu horretarako: 943 89 08 08 telefonora deituta edo enpresa@urolakosta.org helbidera mezua bidalita.

 

 

 


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!