Euskara esparru guztietara zabaldu nahi da

Karkara 2014ko urr. 31a, 09:33

Eskualdeko kirolean, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahi da Kaleko proiektuarekin. Horretarako bost egitasmo jarriko dira martxan.

Gizarteko hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz Kaleko Euskara Zerbitzua jarri da martxan. Eskualdeko Udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak jarri dute abian proiektua, eta, besteak beste, kirolean, merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko helburua dute. Horretarako bost egitasmo landuko dira:

Eskola kirola

Eskola kiroleko entrenamendu eta partidetan behaketak egingo dira testuinguru horretako hizkuntza portaerak neurtzeko. Haurren arteko harremanak aztertuko dira, baita begira eta haurren artekoak edo guraso eta gaztetxoen artekoak.

Kirol elkarteak

Azkenekoz 2012an egin zitzaizkien jarraipen bisitak kirol elkarteei. Hiru urte igaro dira ordutik, eta berriz ere egingo die bisita. Zerrendak eguneratuko dira lehendabizi eta elkarte berriei euskara zerbitzua eskainiko zaie. Guztien hizkuntz egoera aztertuko da eta euskara beharrak asetzeko laguntza eskainiko zaie.

Merkataritza

2012 eta 2013an ageriko elementuak euskaratzeko zerbitzua eskaini zitzaien dendari eta merkatariei. Zerbitzuak harrera ona izan zuen, guztira 769 dendetan euskaratu baitziren elementuak. Oraingoan, berriz ere martxan jarriko da zerbitzua eskualdeko establezimendu guztientzat, baina berrietan antolatzaileek joko dute atea, zerbitzuaren berri izan dezaten.

Ostalaritza

Eskualdeko jatetxe guztiek menua euskara edukitzea da xedea. Urtarriletik apirilera bitarte izango da martxan kanpaina, Aste Santuetarako guztia prest egon dadin. Laguntza emango zaie jatetxeei menua euskaraz izateko.

Zerbitzu enpresak

Urola Kostan enpresa txiki eta ertainez osatuta dago. Enpresa horietan eragin zuzena dauka gestorien eta administratzaileen lana; familietan ere badute eragina, etxe-komunitateen administratzaileek. Horregatik, arlo horretan ere eragiten hasi nahi dute eskualdeko udalek eta Udal Elkarteak.

Proiektua garatzeko Udal Elkarteak hiru pertsona kontratatu ditu, urriaren 15etik 2015ko apirilaren 14ra eta dagoeneko lanean ari dira. Eli Epelde, Irati Agirreazaldegi eta Julio Lopez dira hiru lagun horiek eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuen gidaritzapean ari dira lanean. Orion, batez ere, Irati Agirreazaldegi arituko da.

Datozen asteotan kaleko euskara zerbitzuko hiru lagunak harremanetan jarriko dira eskualdeko kirol elkarteekin, merkatari eta dendariekin... egitasmoak aurkeztu eta zerbitzuak eskaintzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!