Zu ta gar, enpresaren eta langileen arteko zubi lana egingo duen ekimena

Karkara 2014ko aza. 19a, 13:37

Urola Kostako Udal Elkarteak Zu Ta Gar kanpaina martxan jarri du, beren lan-poltsa ezagutarazteko

Urola Kostako Udal Elkarteak lan-poltsa bat sortu zuen 2012an, lan bila ari ziren pertsonen eta langile bila ari ziren enpresen artean zubi lanak egin eta hautaketa prozesua errazteko. Erabat doako zerbitzua da, azkarra eta eraginkorra.

Eskualdeko enpresa txikiei –edozein sektoretakoei– zuzendutako zerbitzua da: merkatari, ostalari, zerbitzu-enpresa, industria sektoreko enpresa... Langile bat behar badu, Udal Elkartearekin harremanetan jarri eta lan-eskaintza egin dezake. Lanpostuaren profila zehaztu ondoren, Udal Elkarteak lan-poltsan dituzten hautagaiak aztertu eta eskatutako profila ondoen betetzen duten hautagaien zerrenda eta CVak bidaltzen dizkio enpresari. Profil, ikasketa maila eta esperientzia maila desberdinak dituzten 800 pertsona inguru daude lan poltsa horretan izena emanda, egon daitezken lan-eskaintzei eta enpresen beharrei ondo erantzun diezaieketenak.

Lan-poltsa ezagutarazteko hitzaldiak

Lan-poltsa erabili duten enpresekin izandako harremana emankorra izan arren, aukera hori ez da oso ezaguna eskualdeko enpresen artean. Horregatik, Zu ta gu dana emanda! lelopean, informazio kanpaina martxan jarri dute Udal Elkartean.

Esku-orriak prestatu dituzte enpresek kanpainak izena emateko, eta bideo bat egin dute, lan-poltsari buruzko informazioa zabaltzeko. Hitzaldi informatiboak ere antolatu dituzte Urola Kostako bost herrietan. Aurkezpen horietara zerbitzuko teknikariak joango dira, enpresa txiki, merkatari eta ostalariei lan-poltsaren azalpen orokorra egin eta zalantzak argitzeko. Hauek dira Aia eta Orioko hitzorduak:

  • Orio: azaroak 27, 13:30ean, Salatxo Aretoan
  • Aia: abenduak 3, 13:30ean, Kultur Etxean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!