Lana bilatzeko helduleku bat

Karkara 2014ko aza. 18a, 08:33

Urola Kostako Udal Elkarteak enplegu zerbitzua eskaintzen du eskualdeko langabeei lana bilatzen laguntzeko.

Lana bilatzen laguntzeko hainbat tresna eta baliabide eskaintzen dizkizun leku bat da Enplegu Zentroa. Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko langabe nahiz langileei eskaintzen dien zerbitzua da.

Enpleguarekin erlazioa duten guneak eta baliabideak daude. Ordenagailu gela dago, adibidez, eta enpleguarekin lotutako gaiak kontsultatzeko erabili daiteke. Eskualdeko eta Gipuzkoako lan eskaintza eta ikastaroen inguruko informazioa ere eskuratu daiteke elkartea, lanpostu publikoen deialdien berri izan dezakezu han. Lana eskuratzeko garaian garrantzitsuak diren prestakuntza ere eskaintzen dute Enplegu Zentroan: curriculumak nolakoa behar duen izan, elkarrizketetan zer nolako jarrera eduki behar duzun...

Aholkulari baten laguntza ere izan dezakezu. Lana bilatzen lagunduko dizu teknikariak, arestian aipatutako ezaugarri guztiak kontuan izanik. Baina, aholkularitzaz gain ikastaroak ere egiten dira horretarako. Adibidez, azaroaren 21ean, hiru orduko ikastaro bat eskainiko dute sare sozialetan lana nola bilatu erakusteko.

Aisian erabiltzen dituzun tresnak, lana bilatzeko lagungarriak

Linkedin, Facebook, Twitter... Sare sozialak enplegurako nola erabili ezagutu nahi duzu? 2.0 mundua lan-bilaketa eta hautaketa prozesuetan ezinbestekoa izaten ari da.  Networking teknika lan bilaketarako oso baliagarria da, eta hori irakatsiko dute azaroaren 21eko ikastaroan.

Hiru orduko ikastaroa izango da, 9:30etatik 12:30etara. Zazpi pertsonek egin ahal izango dute ikastaroa; oraingo honetan, gaztelaniaz, eta abenduan, euskaraz. Izena emateko lanpoltsa@urolakosta.org helbidera idatzi edo 943 89 08 08 telefonora deitu.

Urola Kostako Udal Elkartean izango da ikastaroa. Eraikina Zarautzen dago, Urdaneta bideko seigarrenean, Abendaño industrialdean.




KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!