Katamaloren CDa, esklusiban, Karkaran

Karkara 2014ko aza. 18a, 11:32

Hamarkada bat bete du Plateruenak, baina ez da ziurra urte gehiago beteko dituen. Urteurrenean zilarberritzen dabiltza, proiektua urte askotarako izan dadin. Diskoen salmenta etorkizuna ziurtatzeko bide bat da.

Plateruenak udazken honetan hamar urte bete ditu. Sasoi seinalatu eta aldakorrotan, ez-bai egoeran dago kafe antzokia. Urte gehiago betetzeko laguntza behar du, azpiegitura eraikitzeko asko zorpetu baitziren eta 250.000 euro bankuei itzuli beharrak egitasmoaren bideragarritasuna zalantzan jarri baitu.

Laguntza hainbat bidetatik, hamaika modutara, eman daiteke. Batetik, kultur egitasmoak gauzatzeko borondatezko lanean jarduten; bestetik, kulturgunearen etorkizuna ziurtatzeko diru ekarpenak egiten; hirugarrenik, Katamalorekin zuzenean grabatu zuten diskoa erosten.

Katamaloren diskoak Karkaran salgai

Ostalaritzaren laguntzaz bideragarria den Plateruenaren eguneroko kultur jarduera oparoarekin jarraitzeko, laguntza behar dute. Katamalo taldearekin elkarlanean, zuzeneko diskoa grabatu zuten kafe antzokian.

Diskoaren salmenta ahalik eta zabalena eta ugariena izatea gura dute; nagusiki, beren egitasmoa eta kanpaina bera komunikatzeko, eta bidenabar, diru-sarrera txiki batzuk izateko. Diskoak Durangoko Azokan jarriko dira salgai, baina aurretik, esklusiban, Tokikomeko hedabideetan erosteko aukera izango da. Karkara Tokikomen parte denez, diskoak hemen erosi daitezke 8 euroren truke.

Diru-ekarpen eta borondatezko lan kanpaina

Urtean 50.000 euro batuta zorra bost urtean ordaintzeko besteko laguntza eskatzen dugu; baita egun eta ekintza jakinetan boluntario jardunez laguntzea ere. Bi era horietara ere eman daiteke laguntza: diru-ekarpenarekin eta borondatezko lanarekin.

Ekarpen ekonomikoa egiteko A eta B aukerak daude. A aukerarekin 60 euro ordaindu behar dituzu urteko, bost urtean. Ekarpen horrekin lortuko dituzun hobariak ikuskizunetarako bi sarrera eta bi menu txartel izango dira. B aukerarekin 120 euro ordaindu beharko dituzu urtero eta hobariak ikuskizunetarako lau sarrera eta lau menu txartel izango dira. Horrez gain, kooperatibako kide izango zinateke.

Boluntario lanetan aritzea ere bada beste aukera bat. Urtean bost egunetan lagundu ezkero bi ikuskizunetarako sarrerak eta bi menu txartel jasoko zenituzke. Ekarpena egiteko informazio zabalagoa webgune honetan izango duzue: plateruenaren webgunea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!