Landa eremuko jarduerak eta produktuak sustatzeko aplikazioa

Karkara 2014ko aza. 20a, 08:40

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak martxan jarri du Urola Kosta Gozatu! sakelako telefonoetako aplikazioa

Landa eremuko jarduera eta bertako produktuak sutatzea eta garatzea izan du helburu Urkomek, Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak, Urola Kosta Gozatu! aplikazioa sortzerakoan. Eskualdeko herritarrei eta bisitan etortzen direnei zuzendua dago aplikazioa, eta salerosketarako aukera ematen du.

Hiru atal ditu aplikazioak. Lehenengoan, landa eremua ezagutu eta bizitzeko eskaintzak aurki daitezke; bisita gidatuak eta bestelako eskaintzak eskualdeko baserritarren eta ekoizleen lana ezagutu eta herriari egiten dioten ekarpenaren balioa ikusteko aukera izango du erabiltzaileak.

Bigarrenean, bertako produktuekin osatutako menuak eskaintzen dira; Urola Gustagarri egitasmoaren barruan dauden jatetxeenak, hain zuzen. Kasu honetan ez da erosketarako aukerarik egongo, menuen eta horiek eskaintzen dituzten jatetxeen informazioa baizik.

Hirugarren eta azken atalean, bertako produktu sortak daude salgai. Urkomeren webgunean agertzen diren produktuekin osatuta daude sorta horiek, eta aplikaziotik eskatu eta etxean bertan edo toki jakin batzuetan jasotzeko aukera du erabiltzaileak.

Android eta IOS sistema eragileak dituzten edozein telefono edo tabletekin erabili ahal izango da aplikazioa, eta erosketen ordainketa transferentzia edo Paypal bidez egin daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!