Orio eta Aiako lau emakume pilotari txapelketan lehian

Karkara 2014ko aza. 24a, 10:42

Gipuzkoako emakume pilotari hoberenak bildu ziren, larunbatean, Orioko frontoian. Tartean ziren Orioko Naroa Beldarrain eta Arrate Indo, eta Aiako Garazi Eizmendi eta June Aldai.

2014-2015 denboraldiko Emakumea Pilotari txapelketa abian da urriaren 31 geroztik. Jardunaldi bakoitza Gipuzkoako herri batean izango da, eta larunbat honetan, Orio izan da txapelketaren lekuko.

Beldarrain eta Aldaik elkarren kontrako partida batekin ireki zuten jaialdia. Lehen partida honen atzetik beste bost etorri ziren. Indo eta Eizmendi ere parez pare aritu ziren, laugarren partidan batak bestearen kontra jokatu baitzuen.

Bi mailatan ari dira jokatzen txapelketa: sei bikote lehenengo mailan eta zazpi bigarrenean. Guztira, 13 bikote. Beldarrain, Aldai, Indo eta Eizmendi bigarren mailan daude, eta ondorengo bikotekideak dituzte: Beldarrainek Arruti, Aldaik Maiza, Indok Errasti eta Eizmendik Gutierrez.

Azaroaren 8an Aiako pilotalekuan jokatu zituzten partidak; asteburu honetan, Orion izan da jaialdia. Hiru jardunaldi falta dira finalerdietarako. Finalaurrekoak Tolosan izango dira, abenduaren 20an; finala, abenduaren 27an izango da, Hernanin.

Lehiaketa sistemari dagokionez, ligaxka amaituta sailkapeneko lehen postua duten bikoteek finalerako txartela zuzenean lortuko dute. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, eta, partida horretako irabazleak sailkatuko da finalera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!