Diru banaketa irizpideak hizpide

Karkara 2014ko aza. 26a, 12:33

Egungo prekarietatea gainditzeko hitz egin nahi izan dute euskal hedabideek Jaurlaritzarekin. Alberto Barandiaran, Hekimeneko ordezkariak, izan da Legebiltzarrean erakundeekin eta alderdiekin lankidetza eskaintza egiteko.

 

 

Tokiko hedabideek osatzen dute Tokikom, eta herri ekimeneko euskal hedabideek Hekimen. Tokikomeko hedabideak, Berria, Argia, Zuzeu, Gaztezulo, Sustatu, Irria... guztiak biltzen dira Hekimenen.

Euskal hedabideek Jaurlaritzak jaso duten diru laguntza 4.875.000 eurokoa izan da aurten. Sektorearen laguntza publiko garrantzitsuena izan da sortu zenetik HPS deialdia, baina, urtero-urtero, aurrekontua urritzen ari da. Horrek etengabeko zailtasunak bizi dituen sektorea ahuldu egiten du eta bizirauteko oztopoak jarri. Kezkatuta dago sektorea, eta horregatik izan da Hekimen Eusko Legebiltzarrean.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean hitz egin du Barandiaranek. Garbiñe Mendizabalek –EAJ–, Xabier Isasik –EH Bildu– eta Vicente Reyesek –PSE-EE– egindako galderei erantzun die astelehen eguerdian.

Diru laguntzen deialdia hizpide

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2014ko euskarazko hedabideentzako banatutako diru laguntzaz hitz egin zuten legebiltzarrean. Sideco enpresak iazko abenduan egindako Euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen estatistika izeneko txostenaren arabera, aurrekontuek 2006tik 2008ra izandako goranzko joera irauli egin zen urte horretatik aurrera. 2012an eustera jo dute administrazioek, baina ez diote egoerari buelta eman. Laguntza publikoari esker eutsi ahal izaten dugu hedabide askok, eta deialdiak pisua galtzeak auzitan jarri dezake hedabideen etorkizuna.

 

Aurten arte, euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua, nazionala eta tokikoa izeneko multzoari beste bat gehitu zaio, udalerri, eskualde eta lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak. Iaz egunkari nazional zein tokikoentzat zegoen dirua poltsa bakar batean bildu dute aurten: 2.524.000. Laguntza osoaren erdia baino gehixeago.

Gaztelerazko hedabideetan diharduten langileek bestelako egoera bat bizi dute. Euskara hutseko hedabideetan lan egiten dutenek baino %55 gehiago irabazten dute, gutxi gorabehera.

Dirua banatzeko irizpideak aldatu dira

Irismena, teknologia berrien erabilera, berrikuntza eta hobekuntzarako neurriak, eta bikain ziurtagiria edukitzea izan dira kontuan hartu diren irizpideak; lau guztira. Irismenaren irizpidea izan da hautsak harrotu dituena. Hekimenen ustetan, irismena helburua da eta ez abiapuntua.

Errealitatea errespetatzea eta inbertsioa egitea

Euskarak bete gabe zituen espazioak betetzeko jaio zen sektorea, modernizatzeko etengabeko ahalegina egin duena, eta gaur egun Interneten komunitate eraginkorra sortu duena. Hori guztia testuinguru konplexu batean. Hortaz, sektoreak duen errealitatea kontuan hartzeko eskatu du Hekimenek; errealitatea errespetatuz gero, babestu egin behar baita.

Bestalde, Hekimenek, euskarazko hedabideetan diru laguntzak baino gehiago inbertsioak behar ditu, sektoreari egonkortasuna emateko.

Sektoreak lankidetza eskaini dio Jaurlaritzari

Sektore barruan elkarlanean gabiltza. EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko irakasleekin batera, Euskal Hedabideen Behategiari forma ematen hasi gara. Kartografia prestatu eta audientziak neurtzeko proposamen berria garatzea da helburua. Izan ere, audientzia neurketa handiak ez dira tokiko hedabideetara iristen.

Bestalde, lau lan talde jarriko dira martxan: Berrikuntza, Publizitatea, Interneteko estrategiak eta Sinergiak edo elkarlana. Konpromiso hori hartu dugu hobeak eta eraginkorragoak izateko.

HPSri lankidetza ere eskatu diogu, aurrera pausoak eman ahal izateko. Ezinbestekoa baita urratsak emateko sareak sortzea eta harremanak sendotzea. Hurrengo urteetarako politikak adostea eta kontsentsu bat lortzea da Hekimenen helburua.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!