.eus

Munduan besteekin eta besteen pare izaten lagunduko digun domeinua

Karkara 2014ko abe. 4a, 09:10

EITBko Bilboko egoitzan .eus domeinuaren ekitaldia izan zen atzo, euskal komunitateak emandako urratsa ospatzeko. Bertan izan ginen, aurrerantzean karkara.eus izango baikara.

Euskara eta euskal kulturaren domeinua da .eus. Atzo aurkeztu zuten, eta eguerdirako publiko egin zuten. Lau haizeetara hedatu nahi dute, guztion eskura jarri. Izan ere, zabala da domeinua, internet bezain zabala, mugarik gabea, esan zuen Waliñok aurkezpenean. Euskal komunitatea interneten kokatu eta bereizten du .eusek.

Ekarpen ugariko ekitaldia

EITBko Bilboko egoitzan egindako aurkezpenari Maddalen Iriartek eman zion hasiera. Kazetariak Josu Waliñori eman zion hitza. Hasierako 92 aitzindariei 1.200 gehitu zitzaizkiela aipatu zuen, eta ordurako 1.292 zirela .eus domeinuak. Datuak aurkeztu eta ordubetera, domeinuak libreki eskatzeko aukera zabaldu zenean, aparra bezala igo da kopurua, 1.813 gara dagoeneko.

Jarraian, Sustrai Colina igo zen oholtzara. Berak dakien bezala, bertsotan, azpimarratu du .eusen garrantzia. Bertsolariaren ustetan munduan besteekin eta besteen pare izaten lagunduko digu domeinuak, baimena eskatu gabe.

Nazioarteko hizkuntza gutxituetako hiztunen elkartasun mezuak bideo batean bildu zituzten. Horiek elkartasuna adierazi zioten ekimenari, eta beren herrialdeetako adibideak aipatu zituzten. Izan ere, badira .cat eta .gal bezalakoak.

Iñigo Urkulluk hartu zuen hitza. .eus domeinuari esker, euskara are nazioartekoagoa dela esan du eta ametsa errealitate bihurtu dela. Egun handia da sei urtetako lanaren ondoren ametsa errealitate bihurtu delako eta hori dela eta hau posible izateko 60 bat euskal erakundek egindako lana azpimarratu nahi izan dugu.

Ekitaldiari amaiera emateko argazkia atera zuten eszenatokian izandako guztiek Iratxe Esnaola .eus egitasmoko koordinatzailearekin batera. Argazkian zeuden, hortaz: Iñigo Urkullu, Josu Waliño, Sustrai Colina eta Iratxe Esnaola. 

Minutuz minutukoa

Zuzeneko kontakizuna egin genuen atzo, twitter bidez. Ekitaldian zehar txiokatu genuen #eusgara eta #euskarak365 traolak erabilita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!