Aulki-betetzea

Miriam Garcia 2015ko ots. 2a, 12:16

Gaizki gaudenean, gaizki egoteko eskubidea eta betebeharra dugula ikasi dut. Eta oztopoak erronka bihurtzen ikasi dut.

Hiru urte baino gehiago pasa dira ezagutu nuenetik. Bi urte eta erdi, Oriora bisitan etorri zenetik –egun zoragarriak haiek, alajaña!–. Bi urte, urtarrilean, istripua izan zuenetik. Bi urte, nire bizitza hankaz gora zegoela uste nuenean, oraindik gehiago nahastu zenetik.

Distantzian bizi nituen momentu haiek. Hasieran, ongi jakin gabe zer gertatu zen; gero, berarekin ezin egotearen minez.

Bakoitzak bere sendatze eta garapen prozesua pasa genuen, berak han eta nik hemen, baina elkarrekin. Esan beharra dago gogorragoa eta luzeagoa –izan– dela berea, ez dago konparaziorik, baina ez zion momentu bakar batean nireari pisurik  kendu. Askotan galdetzen zidan nola nengoen –askotan galdetzen dit oraindik–, eta ni errudun sentitzen nintzen gaizki nengoela esaten nion bakoitzean.

Lezio asko eman dizkit bi urte hauetan. Etsipenak ezertarako ez duela balio ikasi dut. Momentu itsusienei aurpegi ederra ikusten ikasi dut. Gaizki gaudenean, gaizki egoteko eskubidea eta betebeharra dugula ikasi dut. Eta oztopoak erronka bihurtzen ikasi dut.

Toledon egon nintzenean ikasi nuen lezio handiena. Gogorrak bezain ederrak, hiru egun haiek. Ahateak, gurpilak, ping-ponga, besarkadak, liburuak, algarak, malkoak, aldapak... mila bizipen eta mila emozio –ene! a ze malko jarioa zutik jarri zutenean!–. Istorio eredugarriak ezagutu nituen mundutik isolatutako eraikin hartan; zailtasunak zailtasun, umorea sekula galdu behar ez den zerbait dela irakatsi zidaten.

Bere bizitza ikasgai bihurtu dut nirean, pertsona bat eredu bezala hartu behar badut, bera izango delako beti. Berdin dio zein unetan, bizitzako zein momentutan. Mina eta ezina egon zitekeen lekuan –eta badago– beti irribarre bat dagoelako, beti izango dituelako hitz ederrak eta maitasuna emateko. Eta zer egin dezakegu besteok, emandako hori guztia –bider hamar– itzuli baino?

Ezagutzen nauzuenek badakizue nori buruz ari naizen. Grabaketa batean lanean ari zela, istripu bat izan zuen Virginiak. Bizkarrezur-muineko lesio batekin bizi da geroztik. Bere blogean sartzeko gonbita luzatzen dizuet:Viviendo Rodando du izena. Eta bere historia niri bezala bihotzeraino heltzen bazaizue, bejondeizuela! Hori zen nire helburua.


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!