Itziar Agirresarobe: “Aldaketa handiagoa izan zen Aiatik Irunera joatea, gero Madrilera joatea baino”

Karkara 2015ko ots. 2a, 16:07

Hamahiru urterekin, gurasoek Aian etorkizunik ez zegoela iritzita, herria utzi zuten Itziar Agirresarobek eta bere familiak. Hainbat tokitan bizi izan da geroztik, eta Madril du orain bizitoki.

Haurtzaroa Aian pasatu eta nerabea zela herritik eraman zuten gurasoek Itziar Agirresarobe –Aia, 1940–. Irunen, Miarritzen, Beasainen, Madrilen eta Bartzelonan pasatu zituen bere bizitzako boladak. Espainiako hiriburuan bizitzen eman ditu azken 44 urteak.

Zenbat urterekin joan zineten Aiatik? Zer dela eta?

Aiatik 1953an atera ginen, nik hamahiru urte nituela. Familia handia zen gurea, zazpi anai-arreba ginen, eta gure gurasoek uste zuten bertan ez zegoela etorkizunik denentzako. Etxea, dolarea, ganadua eta guztia saldu eta Irunera abiatu ginen etorkizun hobe baten bila.

Zer duzu gogoan orduko Aiatik?

Oroitzapen bereziak ditut, ziurrenik haurtzaroa delako garairik inportanteena. Oso bizitza polita zen umeentzako. Eskolako kontuak eta Eliza ingurukoak -orduan dena mugitzen zen Elizaren inguruan- betetzen zituzten gure orduak. Gainontzekoa jolasa zen, herrian gora eta behera.

Dotrina egunero ematen ziguten, eta bi errosario errezatzen genituen, bata elizan eta bestea etxean. Igande goizetan mezatara, eta arratsaldeetan bezperak kantatzera joaten ginen, eta gero mojen etxeko saloian kartetan aritzen ginen. Gogoan dut ere igandetan akordeoia izaten zela plazan.

Eskolan erdaraz ikasten genuen, garaiak hala aginduta, baina himnoa kantatu eta gero, korrikan ateratzen ginen plazara eta, jakina, euskaraz zen gure eguneroko bizitza.

Aiako eskolan sartu zen lehenengo boligrafoa nik ekarria izan zen, 1951n edo. Bi ahizpa zaharrenak Frantziara joanak ziren lan egitera, eta handik pare bat boligrafo ekarri zituzten.

Himnoa aipatu duzu. Zein himno?

Ez dakit zein himno zen, falangearena-edo, horrela bukatzen zen: por ella alegre he de morir. Ume guztiek kantatzen genuen piperrik ere ulertu gabe, pozik, plazara ateratzeko ordua seinalatzen zuelako.

Irunen nola sentitzen zineten? Aldaketa handia izan al zen Aiatik Irunera?

Lehenengo urtean kolpe handia izan zen; aldaketa ikaragarria zentzu guztietan. Gaizki pasa nuen, erdaraz ez nuelako euskaraz bezain ondo egiten. Askotan tartekatzen nuen euskara eta, jakina, batzuk barre egiten zuten. Irun herri guztiz erdalduna zen, ez zen batere hitz egiten euskaraz.

Denda batean hasi nintzen lanean hemeretzi urterekin, eta aurrerago, Miarritzera joan nintzen frantsesez jakin gabe, eta umezain hasi nintzen lanean. Urte politak pasa nituen Miarritzen: astean zehar lanean eta asteburuetan Irunen. Garai hartan Irunen ez zegoen oso ondo ikusita beste aldera pasatzea lanera, oso jende gutxi joaten zen iparraldera lan bila. Hori egitea kategoria galtzea bezala zen.

Eta gero?

Ezkondu eta Beasainera joan nintzen bizitzera, senarraren lana zela-eta. Han astegunak pasatzen genituen eta Irunen asteburuak. Hurrengo pausua Madrilera joatea izan zen, lanagatik, hiru seme-alaba genituela.

Nolakoa zen Madril garai hartan?

1971ko Madril ez zen gaur egungoa, baina hiri handi bat zen, hiriburu bat. Umeak, egia esan, eskolara izututa sartu ziren, ez baitzeuden ohituta ikastetxe handietara. Hala ere, gure bizitza nahiko mugatua zen: lan eta lan pasatzen genituen egunak, eta oporrak noiz iritsi zain bizi ginen Irunera joateko. Hala ere, niretzat aldaketa askoz handiagoa izan zen nerabezaroan Aiatik Irunera joatea, gero Madrilera bizitzera joatea baino.

Helduaroan beste aldaketa bat tokatu zitzaidan, hau ere senarraren lan kontuengatik, eta 1998an Bartzelonara joan ginen biok, azken bost lan-urteak egitera. Bartzelonan, hiria asko gustatzeaz gain, harrigarria egin zitzaidan katalanaren presentzia eta naturaltasuna.

Zuen seme-alabak Madrilen hazi ziren. Euskaraz ikasi al zuten?

Alaba zaharrenak zazpi urte zituen Madrilera joan ginenean, eta euskara polita zuen. Kezkatuta geunden ea ondo moldatuko ote zen eskola berrian. Bigarrenak euskaraz zertxobait bazekien eta txikiena txikiegia zen hitz egiteko. Laugarrena bertan jaio zen.

Madrilen pasatako urteetan euskara pixka bat galdu genuen, eta etxean berriro sartu zen semeetako bat Euskal Etxean euskara ikasten hasi zenean. Orain berarekin eta bilobekin euskaraz egiten dut.

Biak ezagututa, zer nahiago duzu hirian ala herrian bizi?

Ba ez nuke jakingo aukeratzen,bizitzako garaiaren arabera bata edo bestea nahiago nuke. Umeentzat herri txikiagoa nahiago dut, dudarik gabe, baina urteak aurrera egin ahala hirien abantailak ere ikusten ditut. Hala ere, herri txikikoa izandakoak bertako mentalitatea du, eta hura bizitzan zehar azaleratu egiten da. Azala pixka bat urratu eta agertzen da, hor dago. Nahiz eta bizitzak beste bidetik eraman, herri txikitako ohiturak eta sentierak gainean daramatzagu.

Etortzen al zara Aiara?

Noizean behin joaten naiz. Lehengusinak bisitatzera eta herritik paseatzera. Oso gustura ibiltzen naiz kalez kale gauzak gogoratzen. Kanposantura ere bisita egiten dut, han dauzkat-eta aita eta ama.

Nola ikusten duzu Aia gaur egun?

Benetan polita. Orduan etxe zaharrak eta pobreak ziren, baina gaur egun hiri handi batean egoten diren abantaila guztiekin bizi da jendea. Gazteak bereziki askatasun asko gehiagorekin bizi dira: mugitzeko, ikasteko... inongo mugarik gabe. Gure garaian ez zen horrela, eta hori da  gehien estimatzen dudana.
Ikusgarria da nola aurreratu den komunikazioetan. Gogoan dut gure aitak oinez egun osoko txangoa egin behar zuela Igeldora joateko, estropadak prismatikoekin ikuste arren. Orduan egun osoa behar zen gaur egun ziztu bizian egiten duguna egiteko. Gure belaunaldikoei, bizitza baten tarte laburrean, aldaketa ikaragarrien lekuko izatea tokatu zaigu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!