Konpromisoa duten horientzat

IƱigo Exposito 2015ko api. 28a, 15:59

Itzulia barrutik jarraitzeko aukera izan dut eta txirrindulari zein antolakuntzakoek behin baino gehiagotan goraipatu dute Aian egin den lana

Lehen aldiz amaitu da Euskal Herriko Itzulia Aiako herrian. Duela bi aste puntako txirrindulariez gozatzeko aukera izan zen. Ikusgarriak bi egunetan bildu zen jende kopurua eta sortutako giroa. Txirrindulariek aitortu zuten malda gogorretara lehertuta iritsi baziren ere, zaleek burbuila batean sartu eta gora igotzeko indarrak eman zizkietela. Txalotzekoa orokorrean ikusleen harrera, salbuespenak salbuespen.
Atentzioa, ordea, beste zerbaitek eman zidan, bi mila biztanle pasatxo dituen herri batek erakutsi duen antolatzeko gaitasunak. Lehen egunetan Bilbon eta Zumarragan izandako arazoak ahaztea eragin zuen Aiako herriak. Txirrindulariei oztoporen bat eragiteko arriskutsuenak ziren maldak modu ezin hobean kudeatu zituzten.
Lausengarria badirudi ere, ez naiz Aiako herritarren aldeko kanpaina bat egiten ari. Zorionez, itzulia barrutik jarraitzeko aukera izan dut eta txirrindulari zein antolakuntzakoek behin baino gehiagotan goraipatu dute Aian egin den lana. Haur, gazte zein heldu lanean jo eta ke ikusi genituen. Adinari erreparorik egin gabe eta bakoitzak ahal zuen moduan lagunduz, laurehun mila edota hamar mila biztanle dituzten herrien eta hirien antolatzeko gaitasunaren eredu bilakatu dira.
Lerro hauek, hortaz, berentzat, atzeko lanean eta konpromiso osoz lanean aritzen diren horientzat!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!