Iñaki Goitia: “Ezin badut idaztetik bizi, besteei irakurgaiak ematetik bizi nahi dut”

Karkara 2015ko api. 28a, 17:03

Musika eta literatura; bietatik edaten du Iñaki Goitiak –Oñati, 1981–. Bata afizioa da beretzat, bestea ofizioa; eta, biak, pasio. Biek dute presentzia eta protagonismoa Goitiaren bizitzan.

Liburuzaina da Orioko liburutegian eta bateria-jotzailea Malenkonia taldean. 2002an ekin zioten bidean aurrera jarraitzen dute, hirugarren diskoa grabatzen dabiltza.

Malenkoniak tristura zehaztugabea esan nahi du.

Taldearen izena taldearen izanarekin bat dator, batez ere hasiera garaian. Gerora rockera jo dugu eta malenkonia pixka bat galdu dugu. Malenkonia da taldea, baina taldekideak ez gara malenkoniatsuak.

Homo homini lupus da azken diskoa. Gizakia otsoa al da gizakiarentzat?

Galdera hori egin genion gure buruari eta galdera hori egin nahi diogu entzuleari, hausnarketarako bide eman. Sarritan, historian zehar, filosofo askok beren ahotan erabili duten esaldia da. Kritika sozial-antropologikoa egin nahi izan dugu, gizakian zentratuta, ikuspegi ezkorrarekin.

Gizakiaren erorialdia bizi al dugu, bada?

Gizakia bere gizatasuna galdu du edo ez du inoiz eduki? Gizakiak, gainontzeko izakiak suntsitzeaz gain, bere buruari ere kalte handia egin dio. Gu gara gure etsairik handienak.

Idatzi gabe ezin sua eman, diozue Fahrenheit 451 kantuan. Zerri eman nahi diozu su zuen letrekin?

Su eman nahi diogu gizartearen kontzientziari. Ezkorrak izan arren, eta ez uste arren gizartea aldatu daitekeela, aldaketarako gogoa piztu nahi dugu.

Dena den, Fahrenheit 451 kantuak Stalinen  garaiko poeta batek gauero emazteari idatzi gabe zuen poesia errezitatzen ziola kontatzen du. Jendaurrean  ozen esan zuen behin eta salatu egin zutenez, Stalinen gizonak beren etxera joan eta ezin izan zuten poema aurkitu, beren hitzetan egon arren, ez zuen inon idatzi. Horri egiten dio erreferentzia kantuak.

Letraz jositako inguruan ematen duzu egunerokoa. Biak, musika eta literatura, al dituzu pasio?

Literatura nire ogibidea izateaz gain, pasioa ere bada. Ezin badut idaztetik bizi, besteei irakurtzekoa ematetik bizi nahi dut. Liburuez inguratuta egotea perfektua da niretzat, asko gustatzen zait.

Abestien letrak ere idazten dituzu.

Idazteko pasioa dut, bai; baita irakurtzekoa ere, irakurtzen ez duenak gutxi idatziko baitu. Eskutik emanda doaz biak.

Akrofobia da diskoaren bostgarren kantua. Oholtzan zaudetenean bertigoa sentitzen al duzue?

Bertigo edo presio hori sentitzea beharrezkoa da, garrantzia duela adierazten baitu. Akrofobia hori sentitzen ez baduzu,  taula gainetik jaisteko garaia iritsi zaizula uste dut.

Akrofobia ez, baina akrobazia asko egin behar al dira musika eta lana uztartzeko?

Lehen samurragoa zen, guztiok ikasten genuenean. Orain, lanean gabiltzala-eta, zailagoa egiten zaigu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!