Orio Kantauriko taldeentzat eredu

Manu Etxeberria 2015ko api. 28a, 17:18

1970eko hamarkada Orioko arraunarentzat oso berezia izan zen, gogoangarria, inondik ere. XX. mendean beste hainbatetan gertatu zen antzera, oriotarrak gainontzeko taldeentzako eredu ziren. Donostiako Kontxan, eta askoz urrutiago ere, Bled­en, Munduko txapelduna izan zen Orio.

Orioko Club Remo Olímpico, Arraunketa Elkartea, sortu eta bost urtera, 1970ean, Orion egiten ari ziren iraultza euskal arraunaren ontzi nagusira, trainerura, iritsi zen eta, inondik ere, Kantauri osoko arraunaren aro berria ekarri zuen. Aro modernoaren hasiera zen, oriotarrek goitik-behera aldatu baitzituzten gure kirol honen ordura arteko ohiturak, pentsamendu, sinesmenak eta abar guztiak.

Elkartea sortu zenean jarritako helburu handia, eta ia sinestezina, arraunketa olinpikoan oriotar estropalariak munduko onenak izatea, 1979an lortu zen. Orioko arraunaren historian urrezko hizkitan idatzita daude Dionisio Redondo, Jabier Puertas, Andoni Elizalde eta Pello Olasagasti lemazainaren izenak. Hura izan zen hamarkada haren bigarren erdiko oriotarren lorpenik handiena. Trainerutan, artean, bizkaitarren –Santurtzi eta Kaiku– bolada bikainari aurre egiten saiatu ziren gure mutilak, baina gehienetan haiek atera ziren garaile. Sestaoarren gidaritzapean, ordea, Jose LuisKortak Orion ikasitakoak praktikan jarri zituen, eta baita arrakasta lortu ere: 1978, 1980, 1981 eta 1982an Kontxako Bandera irabazi zuten.

1970 Urte magikoa

Traineruetako munduaren itzalean, isilpean, sortua zen 1965an Club de Remo Olímpico taldea. Baina, finantziazio zailtasunek bultzatuta, traineru estropadetako sariak eskuratzeko indarra tostan jartzea erabaki zuten, ezinbestean. Baina, ia nahi gabe hartutako erabaki hura medio, inor gutxik espero zuena gertatu zen, eta Oriorentzat eta euskal arraunarentzat giltzarri suertatu zen.

Data bat arraunaren historian agertzen da hitz larritan idatzia: 1970ko iraila. Lehenengo igandean, Kontxako Banderaren lehen estropadan, Juanito Altxerrik gidatutako traineruak, artean txapeldun handia zen Lasarte­Michelín­ekoari 45 segundoko aldea atera zion, eta Donostiako badiara bildutako arraunzaleak zur eta lur utzi zituen. Estropada hark lehenago eta ondoren garbia finkatu zuen Kantauriko arraunketaren baitan.

Hondarribiatik hasi, eta Galiziako azken muturreraino, aditu guztiek onartu zuten Orio, berriro ere, aitzindari zela. Entrenamenduak, elikadura, arraun ­teknika eta beste, izan ziren oriotarren ekarpena aro berri honetan, eta beste arraun talde­­­ guztiek bide hari jarraitzeari ekin zioten, aho batez.

1975ra arte. Estropadak horiz

1973ko Kontxa kenduta, 1970tik 1975ra Orioko traineruaren erakustaldien urteak izan ziren. Salbuespena izan zen 1973ko hura. Patxi Sarasuak, oriotarren gidari zenak, entrenamendu planifikazioaren errakuntza aipatu izan du une hura gogoratzean.

Gainerakoetan, oriotarrak garaiezin izan ziren estropada gehienetan. Kontxako banderan, Estatuko txapelketan, Bilboko El Corte Inglés sortu berrian, Nerbioi Sari Nagusian eta beste hainbat estropadetan, Orio jaun eta jabe  izan zen, ia hutsik egin gabe.

Bled 1979 Orio munduko podiumean

1960ko hamarkadan hasitako Sarasua, Lizarralde, Manterola, Peña, Agote eta haien ondorengoak, bigarren belaunaldikoak, izan ziren elkarteko sortzaileek amestutako helburu hura egi bihurtu zutenak. 1970Ko hamarkadaren bigarren erdian nazioarteko estropadetan oriotarrak ikustea ohikoa izan zen. 1977an Jose Luis Kortak, pisu absolutuan, laugarren postuan geratu zen scull laukoitzean Amsterdameko Mundialean. Hurrengo urtean, 1978an, Elizaldek, Puertasek eta Redondok zilarrezko domina eskuratu zuten mundialean, pisu arinen mailan.

Bidea egina zuten hiru mundialistek, eta, Olasagasti lemazainarekin batera, 1979an munduko txapelketa irabazi zuten, orduango Jugoslavian. Elitean ibiltzea lortu zuten 1982. urtera arte, Redondok, Elizaldek eta Puertasek, bai estatu mailan, bai nazioartean, mundialetan dominak urtero  lortu zituzten.

Oriotarrak, Olinpiadetan 

Jose Luis Korta gaztea 1972rako Estatuko txapelketetan skiffean nagusi zen, aurkaririk gabe, baina Espainiako kirol ­agintariek hala erabakita, ez zuten eraman Munich­eko Joko Olinpikoetara. Gerora, 1976an, gorputzaldi hobezinean zegoela, Kaikun entrenatzaile egoteak Montrealerako bidaia galarazi zion. Lau urteren ondoren, Mosku ­1980ra joateko hordagoa bota zien Sestaoko klubekoei. Errusiara joan eta, scull bikoitzean, 7. postua lortu zuen.

Hamarkada hartan, 1980koan, beste bi gazte oriotar ere jarri ziren Joko Olinpikoen prestaketetan: Ibon Urbietak eta Jose Luis Agirrek  Seul­ 88ra joateko txartela irabazi zuten. Bartzelona 92an, Ibon Urbieta izan zen Orioko ordezkari bakarra; emaitza ez zen ona izan. Urruti geratu zen bi urte lehenago Tasmaniako mundialean lortu zuen zilarrezko domina.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!