Hekimen

Inbertsio eredu berri bat du helburu Hekimenek

Arantxa Iraola, Berria 2015ko mai. 14a, 16:31

Bilera sorta bat hasi dute euskarazko hedabideen elkarteak eta Jaurlaritzak, finantzabide eraginkorragoa ituntzeko. Sektoreko langileen baldintzak hobetzea giltzarri dela oroitarazi du elkarteak

Eskarazko hedabideen finantzaketa eraginkorrago bat lortzeko irizpideak finkatzea aspalditik dute helburu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Hekimen euskal hedabideen elkarteak. Eta jarri dira martxan. Gaia lantzeko bilera sorta bat egitea ebatzi zuten: apirilaren 28an egin zuten lehenengoa. Hekimenek proposatu zuen, besteak beste, aztertu beharko litzatekeela hedabideen kostuen gaia. Alde horretatik, elkarteak oroitarazi zuen euskarazko komunikabideetako gabezia handienetako bat direla langileen lan baldintza «prekarioak». Erdaraz diharduten profesionalenekin alderatuz, nabarmen eskasagoak dira sarri askotan. Eta langile talde handia dira: Hekimenek ordezkatzen dituen komunikabideetako 600 lagun inguru daude egoera horretan.

Lan baldintza horiek dagokien mailara igotzeko moduak aztertzen ari da Hekimen, eta, besteak beste, atzerriko hainbat ereduri erreparatu die, Jaurlaritzarekin horiez mintzatzeko. Oro har, hedabideen elkarteak garrantzitsutzat jo du bilera sorta abiatu izana, argi baitu euskarazko hedabideen inguruan egiten diren inbertsio publikoak eraginkorragoak izateko giltzarri dela lan eredu berri bat aztertuz joatea: iraunkorra. Diagnosi egoki bat egitea nahi dute, eta etorkizunera begirako plangintza bat hitzartzea, epe motzeko helburuak ez ezik, epe luzerakoak ere izan ditzaten hedabideek. Hartara, berrikuntzan ere urratsak eginez joan ahal izango dute, eta etorkizunerako bidea egin.

Kezka agerian

Hori aintzat hartuta, sektorean dagoen kezka ere helarazi diete Hekimeneko ordezkariek Jaurlaritzako buruzagiei; oroitarazi diete azken urteetan ez dela urratsik egin finantzaketa sendoagoa lortzeko administrazioen partetik, eta, kontrara, aurrekontuetan pisu espezifikoa galdu dutela euskarazko komunikabideak sustatzeko kopuruek. Aurtengorako aurreikusitako inbertsioa (4,8 milioi euro), esaterako, Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko inoizko txikiena da. Eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bideratzen duen emaria zinetan garrantzitsua da hedabideentzat, finantzaketa publiko egoki bat izateko oinarrizkoa.

Ezin da ahaztu, gainera, irizpide berriak ezarri dituela aurten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diru laguntzak banatzeko —irismena lehenetsi du beste ezeren gainetik; kaltea ekarri du horrek hedabide nazionalentzat—, eta sektorearekin hitzartu gabe aritu dela Eusko Jaurlaritza erabakiok hartzen. Horrek guztiak nahasmendua eragin du, ezinegona. Sektoreak ohartarazi zuen egun ez dela bermatzen «gutxieneko euskal hedabideen sareak» behar duen «laguntza minimoa» eta, horretan sakoneko aldaketarik egiten ez bada, sektorea «ahulduko» dela. Horregatik esan zuten ezinbestekoa iruditzen zitzaiela«hausnarketa estrategiko» bat egitea, bide berriak urratzeko. Eta, Jaurlaritzarekin, egin dute lehen urratsa: abian dira hizketaldiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!