Gauza asko eta kontu gutxi

Eli Huegun 2015ko uzt. 1a, 12:54

Desberdintzen gaituena gaitasuna ez delakoan nago, txikitatik baliabide berberak izango bagenitu eta indar eragileek interesak beste nonbait bilatuko balituzte, aldea txikiagoa litzateke

Urte saioko azken moila bazterretik hau idazteko hainbat ideia banituen arren, ezin izan dut bat aukeratu. Aukera desberdin ugari izateak askotan erabakitzeko ezintasun hori dakar berekin, eta oraingoan horixe gertatu zaidalakoan nago.

Gure herrietan alkateek eta zinegotziek hurrengo lau urteetarako karguak hartu dituztela denek jakingo duzue, Aian eta Orion alkate berriak ditugula ere bai. Baina baliteke zuetakoren batek ez jakitea Aiak historian izan duen lehen emakume alkatea duela ekainaren 13tik: Nekane Arrizabalaga. Lerro hauek aprobetxatuko ditut bai Nekane eta baita Joxe Angel Zaldua ere zoriontzeko, haiekin arituko diren zinegotzi guztiekin batera.

Kanadan jokatzen ari den Emakumeen Munduko Futbol Txapelketari buruz hitz egitea ere pentsatu nuen. Telebistaz hainbat partida jarraitu ditut eta gauza mordoa esango nituzke. Jokalari, jokaldi, gol eta geldiketa zoragarriak ikusi ahal izan ditut. Bidea  izugarri luzea den arren, badira gizonen eta emakumeen arteko aldea murrizteko merituak egiten ari direnak. Poza ematen du telebistaz partidak ikusteko aukera izateak, baina partida horiek komentatzeaz arduratu direnek kontrako iritzia sortu didate. Gizonengandik oso bestelako tratua nabaritu dut, baloiari ostikada zuzen emate hutsa txalogarria balitz bezala. Sartu diren gol horietakoren bat Ronaldok sartu izan balu, ziur nago oraindik ere bere izterra seinalatzen ariko zela. Desberdintzen gaituena gaitasuna ez delakoan nago, txikitatik baliabide berberak izango bagenitu, eta indar eragileek interesak beste nonbait bilatuko balituzte, aldea askoz ere txikiagoa litzatekeela pentsatzen baitut.
Emakumeen futbolaz ari naizen honetan, ezin dut Oiartzun Kirol Elkartearen igoera aipatu gabe utzi,  Emakumezkoen 1.Mailara igo baita, tartean oriotar bat dela. Iaz falta izan zitzaien azken malda hori azpian hartzea lortu dute, datorren urtean Espainiako talderik onenekin batera aritzeko txartela lortuz –eurak ere hala direlako–. Hortaz, zorionak Oiartzun eta zorionak Malen!

Gauza jakina den arren, udan sartu garela esanez amaituko dut. Aurtengorako ez daukat bidaia perfekturik antolatuta, baina gurean kanpora joan beharrik ez dago oporrez gozatzeko.  Beraz, ondo pasa eta uda ostera arte!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!