Euskarak 365 egun

Amaia Iribar: "Euskaraz egiten duten erreferenteak beharrezkoak dira"

Karkara 2015ko abe. 3a, 15:31

Amaia Iribar euskara teknikaria da Donostiako Udalean. Euskararen eguna aprobetxatuz, hango eta hemengo euskararen egoeraz hitz egin du KARKARArekin.

Euskara teknikaria zara Donostian. Egoera erabat ezberdina da, ezta?

Erabat. Alde batetik, administrazioa oso handia da Donostian, 1.500 langile inguru ditu. Eta bestalde, egoera sozio-linguistikoa oso bestelakoa da. Azken urteotan gorakada bat izan dela sumatzen da, batez ere eskolaren bitartez etorri dena. Gazteen hizkuntza gaitasuna igo egin da eta portzentajeetan Donostia hiririk euskaldunena dela esan daiteke.

Nik batez ere barrura begira egiten dut lan, udal administrazioa euskalduntzeari begira, baina kanpora begira ere eragileekiko harremanetan, ikastetxeekiko harremanetan... lan egiteko modua oso desberdina da.

Aldaketa handia eman da?

Bai, hezkuntzan asko aldatu da. Donostian 50 ikastetxe inguru daude, eta D eredua nagusitzen ari da, A eredua ikastetxe gutxi batzuetan mantentzen da. B eredua ere desagertzen ari da.

Baina desberdintasun nagusia kaleko erabileran ematen da. Donostian neurketa gutxi egin ditugu, baina gero eta gehiago entzuten da euskara kalean. Hori bai, egia da Gipuzkoatik datorren jende asko hartzen duela hiriburuak. Auzoen artean ere desberdintasun handiak ditugu, auzo batzuk oso erdaldunak dira eta beste batzuk oso euskaldunak dira; Añorga, Alde Zaharra eta Antiguo, adibidez, oso euskaldunak dira. Hala ere, lan asko dago egiteko.

Zein faktorek eragiten dute, zure ustez, euskararen osasunean?

Batez ere hezkuntzak. Nik uste dut hor administrazioak ahalegin handia egin zuela, apustu bat egin zuen hezkuntzan. Lehen irakasleen %5 bakarrik ziren euskaldunak eta gero, euskalduntzeari ekin zitzaionean, irakasle euskaldunen kopurua ikaragarri hasi zen. Eta gune erdaldunetan D ereduaren bidetik bestela euskaldunduko ez ziren herritarrak euskaldundu ditugu.

Lehen hizkuntza gaitasuna batez ere etxetik jasotzen zen eta orain ikastetxeen bitartez da.

Nola ikusten duzu euskara Orion?

Orio arnasgunea da eta hemen ez dago Donostian dugun egoera. Baina egia da, azken urteotan kanpotik jende dezente etorri dela eta horrek hizkuntza gaitasunean eragina duela. Ezagutza eta erabileraren artean aldea dago, ordea. Beste herri askorekin konparatuta Orion ezagutza handia dago, baina euskaldun askok gaztelaniaz egiten dugu. Erronka handiena hori da, nire ustez, erabilera bultzatzea.

Orion, lehen, gazteek erdararako joera zuten. Orain ia denek ezagutu eta erabiltzen dute.

Bai, euskal hiztun asko dauden lekuetan erabilerarekin arazoak egon ohi dira, baina Orion egoera oso ona da, kasu horretan. Normalean gaztetan ematen da hizkuntza aldaketa, 12 urterekin edo, salto bat ematen da eta gaztetan gazteleraz hitz egiteko joera orokorra dago. Eta aurrerago, berriz ere, beste salto bat ematen da, kontzientziagatik edo. Baina hemen, esango nuke, ez dela haustura hori ematen.

Eta zer dago hobetzeko?

Helduen arteko harreman hizkuntza, batez ere. Gurean, erabilera bultzatzeko, ulermena badago euskaraz hitz egitera animatzen dugu jendea. Hemen, bikote mistoak ere badaude baina, askotan, bikote euskalduna izanda ere harreman hizkuntza gaztelera da.

Nik uste hizkuntza ohiturak aldatu beharko genituzkeela eta horretarako badaude hainbat dinamika, baina uste dut erreferenteak izatea dela garrantzitsua. Komunikabideak, adibidez; ETB2 orain hasi da adierazpenak euskaraz jartzen eta nik uste dut hori bultzatu egin beharko litzatekeela. Euskaraz egiten duten erreferenteak, eta ez kirolean bakarrik, beharrezkoak dira, hizkuntzari prestigioa emateko. Konpromisoa eskatzen du horrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!