Ludo ludimos, elkarrekin jolastuz

Lore Berasaluze 2016ko ots. 2a, 09:12

Ilusioz hartu nuen udazkenetik aurrera ludoteka izango genuenaren albistea. Bazen garaia! pentsatu nuen neguko egun busti horietan umeekin non jolastua izango genuelakoan. Eta hala, gure gustuko pelikula egin genuen gurasoen arteko hizketaldietan; halakoa izango da eta holako eskainiko digu, ze ederki! Baina gu ez izan gidoilariak!

Aparra bezain azkar egin du behera nire ilusioak. Umeak aparkatzeko beste eskaintza bat iruditzen zait ludoteka. Eskolaz kanpoko nahikoa jarduera ez eta beste bat gehiago. Gurasoak premiazko beste zeregin batean dauden bitartean –umeekin jolastea, elkarbanatzea, eztabaidatzea, ikastea… baino eginbehar garrantzitsuagorik– haurrak entretenitzeko txoko berri eta polita.

Gaur egungo bizimoduarekin guraso askok behar ditu umeak zainduta egongo diren lekuak. Ados. Horrelako mordoa dauzkagu eta ez nago horiek kentzearen kontra; neurrian bada, alde ere bai. Baina, bestelako zerbitzuak ere eskaini behar lituzke herri batek. Beren seme-alaben hezkuntzan agente aktibo izan nahi dugun, edo izateko aukera dugun, gurasoek gure umeekin jolasteko espazio libreak nahi ditugu; malguak, denborari eta jarduerari lotu gabekoak; interesak, sormena, gogoa, ezinak, haserreak… errespetatzen dituen funtzionamendu askeko ludotekarekin egiten dugu amets.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!