“Faltan sumatzen genuen hori betetzeko espazioa da Itu Banda”

Karkara 2016ko ots. 1a, 16:11

Literatur gosea duten hiru lagunek sortu zuten Itu banda 2013an, orain hiru urte. Zortzi dira egungo kideak: Mikele Landa, Paul Beitia, Martin Bidaurre, Itziar Ugarte, Garazi Mugarza, Maialen Akizu, Jon Gurrutxaga, Peru Iparragirre eta Alazne Arruti. Taldekideetako birekin elkartu gara, Iparragirrerekin eta Arrutirekin.

Itu izenaren atzean ezkutatu ziren, eta, anonimatuan, gordeta zituzten testuak argitara eraman dituzte ordutik.  Izena hiru hizkiz osatu arren, ez du loturarik sorrerako hiru kideen izenekin; baina bai, izanarekin. Ituan jotzea, dianan bete-betean asmatzea, lortu dute. Isilpeko lanak oihartzuna izan du eta iritsi da anonimotasunaren maskara kentzeko garaia. Baina beti, taldekideen altzoan, bandan.

Ausarta da banda autoizendatzea...

Peru Iparragirre: Ez da ironikoa, baina ez da serio hartzen dugun zerbait ere; izan ere, hiru ginen...

Alazne Arruti: Betidanik izan dugu irakurzaletasuna eta idazteko joera. Jende asko dago idazten duena, baina argitaratu ezin duena. Itu Bandak aukera hori ematen du.

Iparragirre: Faltan sumatzen genuen hori betetzeko
espazioa da. Argitaratu egin nahi genuen, eta horretarako errazena guk geuk egitea da.

Autoekoizpena?

Iparragirre: Bakarrik eginez gero, bakana izan daiteke, bazterrekoa. Talde batek babesa ematen dizu. Talde izaera inportantea da.

Zer ematen du, bada, taldeak?

Arruti: Egiten duguna zabaltzen dugu horrela, baina, horrez gain, beste talde batzuetan sekula hitz egingo ez genuen horretaz hitz egiten dugu. Adibidez, familian hitz egiten ez ditugun gauzez, eta hori oso aberasgarria da.

Baina egiten duzuen bakarra ez da hori. Literatura diziplina askotan lantzen duzue: irratsaioak, emanaldiak...

Arruti: Bi urtetan lau fanzine kaleratu genituen.

Iparragirre: Fanzine horiek osorik daude, nola testuak, hala PDFak interneten. Orain kaleratu berri dugun aldizkariarekin, ordea, ez dakigu oraindik zer egingo dugun.

Arruti: Obabako Testiguak irratsaioan kolaboratzen genuen, baina berak uztearekin batera utzi genuen irratsaioak egiteari.­­

Durangon pintadak egin genituen, adibidez. Atentzioa emateko.

Zer dela eta? Zer helbururekin?

Arruti: Acción poetica delakoak politak iruditzen zitzaizkigun, horren harira egin genuen. Aurretik esaldiak-eta pentsatu genituen, baina, zoritxarrez, hurrengo egunean erdiak kenduta zeuden dagoeneko.

Emanaldia EAko poesia egunetan egin zenuten, ezta?

Arruti: Errezitaldi bat izan zen eta guretzat berezia izan zen. Talde gisa biltzeko aukera eman zigun, proiektu finko bat izateak batasunerako aukera ematen baitu.

Iparragirre: Antolakuntzatik proposamena luzatu ziguten. Aukera ona izan zen. Itu fanzineko kolaboratzaileekin ez genuen harreman handirik. Bilguneak egiten hasi ginen eta taldeari kohesioa emateko pauso garrantzitsua izan zen.

Aldizkaria ere kaleratu zenuten, Lekore. Zer desberdintasun dute fanzineak eta Lekorek?

Arruti: Aurreko fanzinea eta oraingo Lekore aldizkariak erabat independenteak dira. Izenak dioen moduan, guztiz desberdinak dira. Bestea gure testuez osatuta zegoen, eta oraingoan ere garrantzia horiek dute; baina, lehen ez zegoen kohesioa du orain. Lotura handiagoa du, irekia izaten jarraitzen duen arren. Eta itxura ere landuagoa da. Hiru Damatxo ideia faktoriak egin digu maketazioa.

Zer nolako harrera izan zuen?

Iparragirre: Jendeak interes eta kuriositate handia erakutsi zuen. 120 aldizkari inguru saldu genituen.

Eta erosi ez zuenak, non erosi dezake orain?

Iparragirre: Gutxi geratzen dira, 30 ale inguru. Uste dut Zarauzko Garoan hamar bat ale daudela, adibidez.

Etorkizunera begira, zer asmo?

Iparragirre: Orain azterketetan gaude [kar,kar]

Arruti: Lekoreko beste hiru zenbaki atera nahi ditugu. Eta, horrez gain, emanaldiak ere egin nahi ditugu.

EAko poesia egunetik gehiago egin dituzue?

Arruti: Ez.

Iparragirre: Aldizkaria aurkezteko asmoa dugu. Urtarrilaren 31n Mikelazulon egingo dugu. Harpidetza sistema ere jarri nahi dugu eta errezitaldia egingo dugu Zarauzko Literaturian, besteak beste.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!