Ekodiseinuaren eta diseinu industrialaren inguruko jardunaldia antolatu du Udal Elkarteak

Maiatzera arteko programa baten barruan dago jardunaldia. Otsailaren 16an egingo da informazio tailerra.

Otsailean hasi eta maiatzera bitartean, Ekodiseinua eta diseinu industriala izeneko programa jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Azken urteetan eskualdean produktu eta ekoizpen prozesuen optimizazioarekin loturiko joerak eta beharrak nabarmendu direla ikusita, enpresei egungo merkatuen beharretara egokitzen laguntzea du helburu programak. Horrela, eskualdeko enpresek berrikuntza estrategia berriak barneratu ahal izango dituzte.

Programa horren barruan, otsailaren 16an, asteartean, egingo dute lehen jardunaldia. Informazio tailer bat izango da eta ekodiseinuaren inguruko informazioa emango dute bertan: zer den eta nola bermatzen den, izan ditzakeen abantailak, produktuen ingurugiro ziurtagiriak... Itxaso Trabudua ingeniaria izango da tailerra emango duena eta 9:00etatik 11:00etara izango da, Udal Elkartearen egoitzan.

Hainbat lan lerro landuko dituzte programan maiatzera bitarte: produktuak sortzeko edo berritzeko estrategia eta metodologia, lehengaien erabilpen eraginkorra, ekoizpen prozesuaren optimizazioa, banaketa sistemaren optimizazioa, produktuen erabilpen fasean ingurumenarekiko inpaktuaren murrizketa eta produktuaren bizi-amaieraren optimizazioa, besteak beste.

Programan edo tailerrean izena eman nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi dezake.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!