Euskal Herriko Itzulia

Aiatik pasa eta Orion bukatuko da Itzuliko 4. etapa

Karkara 2016ko mar. 31a, 09:10
Argazkia: Iban Egiguren

Sei etapa, 32 mendate. Txirrindulariek lan hori egin beharko dute Euskal Herriko Itzulian, apirilaren 4an hasi eta 9an amaituko den itzulian. Laugarren etapa Orion bukatuko da eta bosgarrena Oriotik abiatuko da.

 

Euskal Herriko Itzuliaren 56. edizioa Etxebarriatik abiatuko da. Apirilaren 4an hasiko da itzulia, datorren astelehenean. Eskualdean barrena igaroko da, eta laugarren etapa, zehazki, Orion bukatuko da. Laugarren etapa horretan Aia zeharkatuko dute txirrindulariek, bi alditan. Etapa hori Orion bukatu eta bosgarren etapa Orion hasiko da.

Aia eta Orio presente Itzulian, ohi bezala

Lehen etapa Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen bukatuko da. Hurrengo egunean Markina-Xemeinen hasitako etapak Amurrion izango du amaiera. Hirugarren etapa Gasteiztik abiatuko da eta Lesakan bukatuko da. Laugarrena Lesakan hasiko da eta eskualdeko hainbat txoko igaro ondoren, Orion amaituko da. 

Apirilaren 7an izango da Orion amaituko den etapa hori. Lesakatik Aiara joango dira txirrindulariak. Aiako aldapa entzutetsua igoko dute, eta handik kostara joango dira, Zumaiara. Zumaiatik berriz ere Aiara joko dute. Aiako kaskotik Ubegun industrialdera jaitsiko dira eta handik Oriora joango dira. 

Hurrengo egunean, apirilaren 8an, Oriotik emango zaio hasiera bosgarren etapari. Aia eta Orioko tren geltokiaren parean, biribilgune horretan, emango zaio hasiera lehiari. N-634 errepidea hartuko dute txirrindulariek eta Urola Kostako hainbat herritatik igaroko dira, Zarautz, Getaria eta Zumaiatik, hain zuzen. Ondoren, Itziarreko bidea hartu eta Eibarko Arrate gainera igoko dira, etapa han bukatuko baita. Seigarren eta azken etapa Eibarren jokatuko da, 18 kilometrotako ibilbidean. Bakarkako erlojupekoa izango da azken etapa hori.

Itzuli lehiatua espero da

Mikel Landa Skyko txirrindulariak argi utzi zuen: Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusia lehiatzea oso zaila izango da, baina etapa bat irabazteko borrokan egon nahiko nuke. Lehia estua espero da, puntako txirrindulariek hartuko baitute parte.

Duela gutxi amaitutako Vola a Catalunyako irabazleak ere parte hartuko du Itzulian, Nairo Quintanak. 2013ko Itzulia ere berak irabazi zuen. Voltako bigarren sailkatua iaz itzulia irabazi zuen Alberto Contador izan zen, eta berak ere parte hartuko du aurtengo euskal txirrindularien zitan. Hitzorduan izango den beste txirrindulari bat Dan Martin irlandesa izango da, Voltan podiumeko hirugarren koskara igo dena. Martinek azkenekoz 2012ko itzulian hartu zuen parte. 

Pasa den urteko Giro de Italiako irabazlea ere izango da Euskal Herriko Itzulian. Fabio Aruk ere Etxebarriako irteera puntuan izango da. 

20 talde eta 9 euskaldun

Euskal Herriko Itzulian izena eman duten taldeak dira ondorengoak: Cofidis Solution Credits, Caja Rural, Team Lotto-Jumbo, Team Giant-Alpecin, Astana Pro Team, IAM Cycling, Etixx-Quick Step, Trek-Segafredo, Lampre-Merida, Team Dimension Data for Qhubeka, FDJ, Lotto Soudal, AG2R La Mondiale, Cannodal Pro Cycling Team, Tinkoff, BMC Racing Team, Orica GreenEDGE, Movistar Team, Team SKY eta Team Katusha.

Talde horietan hainbat euskaldun daude, tartean: Mikel Landa, Xabier Zandio, Ion Izagirre, Gorka Izagirre, Amets Txurruka, Igor Anton, Omar Fraile, Haimar Zubeldia eta Pello Bilbao. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!