Madarikatu hauek, hunkitu egin naute!

Ataria, Jexux Murua 2016ko eka. 8a, 06:49

Esker oneko hitz horiek eskaini zizkien Benito Lertxundik Iñar Sastre eta Imanol Artolari beste guztiaren aurretik. Piano-jotzaile irurarraren notek eta aztertzaile amezketarrak Benitoren sortzaile ibilbideko kantu-jario luzetik entresakan ateratako hitzek osatutako errezitaldiak gogotik bereganatu gintuen hara gerturatuak. Ez zen ez, Benito, hunkitu bakarra; beharbada bere hitzek are gehiago hunkiarazi gintuen gainerakook.

Imanol Artola berak, Naroa Anabitarte eta Juantxo Zeberioren galderei erantzun zien gero. Imanolek galdetu ziolarik bere kantuen edukien bilakaeraz, oharkabean, naturalki gertatuak izan direla erantzun zion, natur zikloak bailiran gertatu direla. Naroak tradizioa eta sorkuntza jarri zizkion aurrez aurre, eta tradizioa sorkuntzaren presondegi bilaka daitekeela esan zuen; tradizioa bidea eraikitzeko abiapuntu ona izan daitekeela, baina askatasuna dela gehien estimatzen duena eta saihestezina sorkuntzarako... Eta horrela joan ziren azaleratzen Benitoren sormen lanean eta jardun profesionala hobeto ulertzen lagundu ziguten kontu batzuk. Amaiera aldera, Zeberiok emandako hizpidea tarteko, sorkuntza jarrera dela esan zuen; sortzailea beti dagoela horretara, baita lotan ere, eta, esate baterako, ontzen ari den disko berrirako kantuetako bat amets batetik ekarria dela, ametsa bera ere kontatu zigun. Dena esate aldera, petralkeria iruditu zitzaidan entzule batek amaiera emateko kantu bat eskatu zionean abestiak ordaindu egiten direla erantzutea. Neurriz kanpokoa iruditu zitzaidan galdera, Benito ez zen hartara etorria-eta, baina asma zezakeen beste zer edo zer erantzuteko; eman zidan sortzaileek eta zaleok haien eskuragarritasunari buruz daukagun ikuspegiaz zer pentsatua.

Hau guztia, Zerkausi plaza azpian, Arraun Elkartearen gunean, ari zen gertatzen, gainean Bisigu Festa prestatzen ari ziren bitartean. Elkarrizketako tarte batean galdetu zion Zeberiok ea zer irudituko ote litzaigukeen tripa-janerako bezala arte-janerako 50 euro ordaintzea eskatuko baligukete; eta galdetu nion neure buruari zenbat jende erakarriko zuten bisigu-begiek eta zenbat Benitoren begiradek -ez ginen gutxi, ziento bat izango ginen eta-, doan izanda ere. Eta eman zidan zer pentsa. Gure sortzaileak azokara datozenen eskura jartzea, eskuragarri eta ikusgarri, da Galtzaundi Euskara Elkartea eta azokaren antolatzaileen helburua; ongi pentsatua hasiera-hasieratik eta maitasunez garatua azken hondarreraino. Pentsatu nuen antolatzaileek, kulturgileek, sortzaileek eta komunikabideok elkarren berri gehiago beharko genukeela, elkarren arrimuan zuku gehiago atera behar geniokeela honelako ekimen bikain bati, denok baitakigu gaur egun egitea bera bezain garrantzitsua dela egindakoa ikusaraztea, erakustea, nabarmentzea.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!