Oriotarrak eta aiarrak Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan

Karkara 2016ko abe. 16a, 10:10

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa otsaileko lehen astean hasiko da. Aiako taldea zazpigarren multzoan dago eta Orioko taldea bederatzigarren multzoan. Lasarteren eta Urretxuren kontra, eta Erniarraitzen eta Hernaniren kontra lehiatuko dira, hurrenez hurren.

Otsailean hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Herrietako bertso mugimendua ikusaraztea eta mugimendu horri bultzada ematea da txapelketaren helburua. Horregatik, parte hartzaile guztiek izango dute protagonismoa eta garrantzia txapelketan, bertsolarietatik hasi eta antolatzaile, epaile, grabatzaile, entzule nahiz gai-jartzaileetaraino. Ardatz nagusia gozamena izango da. Bertsoa aitzakia hartuta, parte hartzaile guztiek gozatzea da txapelketaren xedea.

Oriotarrak eta aiarrak ere bat egiten dute helburu horrekin. Herri bakoitzeko talde batek izena eman du txapelketan. Aia zazpigarren multzoan dago, Lasarterekin eta Urretxurekin batera. Aiak etxean Urretxuren kontra lehiatu beharko du eta kanpoan Lasarteren aurka.

Aiako taldea ondorengoek osatzen dute: Ekaitz Arruti, Aritz Hernandez, Iñaki Gurrutxaga eta Jokin Zumeta bertsolariek; Aitor Arregi Ximel gai-jartzaileak; Eneko Balerdi komunikazio arduradunak; eta Aritz Arruti epaileak.

Orioko taldea bederatzigarren multzoan dago, Erniarraitzekin eta Hernanirekin batera. Oriotarrek Hernaniko taldea hartuko dute etxean eta kanpoan Erniarraitzen kontra lehiatu beharko dute. Talde hau Azkoitikoa da. Xabier Sukiak, Rosi Lazkanok, Imanol Lizarazuk eta Egoitz Eizagirrek egingo dute bertsotan. Horiez gain, Iñigo Exposito izango da komunikazio arduraduna, Jon Agirresarobe gai-jartzaile eta Alazne Arrillaga epailea.

Guztira 38 taldek eman dute izena. Talde horiek guztiek izango dute ekimenaren koordinazioaren ardura. Lehen fasetik kanpo geratzen diren taldeek ere bukaerara arte ekimenaren parte izango dira.  Aurrera egingo dutenak multzo bakoitzeko lehen sailkatuak izango dira. Horiek lehen fasetik bigarrenera igaroko dira. 

Lehen fasea otsaileko lehen astean hasiko da martxoaren 12ra arte luzatuko da. Martxoaren 20ko astetik apirilaren 9ra bigarren faseko saioak izango dira. Finalerdiak maiatzaren 6an eta 13an izango dira eta finala maiatzaren 27an. Finalaren egunean afaria ere izango da, Azpeitian.