Hirukide familia ugarien elkarteak aurkezpena egingo du ostegunean

Karkara 2017ko api. 24a, 18:53

Aurkezpena Zarautzen izango da, baina inguruko herrietako familia ugariak saiora gonbidatu dituzte elkartetik.

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak eskaintzen dituen zerbitzuen eta jardueren berri emango du Zarautzen. Ostegunean 18:00etan izango da saioa Zarauzko Gaztelekuan (Zigordia kalea 34), eta Zarauzko eta inguruko herrietako familia ugariak hitzordura gonbidatu dituzte. Elkartetik uste dute aurkezpena federazioaren zerbitzuak ezagutzeko eta familia ugariek dituzten laguntzen eta hobari publikoen informazio zehatza jasotzeko aukera paregabea izango dela herritarrentzat. Horrez gain, familiek beren iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko aukera ere izango dute.

Hirukidetik jakinarazi dute azken urtean familia ugariek dituzten hobarietan hainbat berrikuntza izan direla, eta horiek azalduko dituzte. Izan ere, iaztik pasaportea eta nortasun agiria egiteko familia ugarietako kideek ez dute tasarik ordaindu beharrik; eta familiek 'familia ugari' titulua izaten jarraitu dezakete seme-alaba gazteenak 21 urte edo ikasten ari bada 26 urte dituen arte. Gainera, pasa den urtetik gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio pentsioetan osagarri bat gehitzen da; osagarria hori izan dituzten seme-alaba kopuruaren araberakoa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!