Hondakin bilketa sistema berria

Urola Kostako hondakinak biltzeko sistema berria aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 27a, 15:03
Igor Iturain eta udal ordezkariak, BAGOAZZ kanpainaren aurkezpenean.
Zabor bilketa mankomunatzearekin batera, sistema berria abiatuko dute 2018ko otsailean. Familia bakoitzak txartel magnetiko bana jasoko du, zaborra eta organikoa sailkatu ahal izateko. 2020rako birziklapen tasa %40tik %75era igotzeko erronka jarri dute.

Hondakinak gaika sailkatzeko 2018ko otsailean martxan jarriko duten zabor bilketa bateratuaren komunikazio kanpaina aurkeztu du UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak. Igor Iturain UKUEko lehendakaria, Jesus Arana (EAJ), Alex Oliden (EH Bildu), Patxi Elola (PSE-EE) eta Ana De Benito (Irabazi) zinegotziek hartu dute parte agerraldian.

Udal Elkartea osatzen duten alderdi politiko guztien babesarekin, Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen zabor bilketa mankomunatzeko sistema berria duela urtebete; eskualdeko herrietako eragile eta herritarren eztabaidaren akordio nagusiak oinarri hartuta. Akordioa alderdi politiko guztien “esfortzu eta saiakera handi” baten ondorioz lortu dela azaldu du Iturainek. Herritarrentzat ez ezik, ingurumenarentzat ere ahalik eta sistema “egokiena” izan daitekeela uste du, martxan jartzeko urrats garrantzitsuak ematen ari direla azpimarratuz.

Zabor bilketa bateratzeak sistema aldatzea dakar. Alde batetik, herritarrek txartel magnetikoak izango dituzte; hondakin organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko. Bestetik, komertzio eta ostalariei gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie; organikoa, kartoia eta errefusa biltzeko. Enpresa handien hondakinen bilketan ere eragingo du sistema berriak, eta organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastikoa bilduko zaizkie.

Hondakinak biltzeko sistema berriak “baliabideak optimizatzea” dakarrela azaldu du Iturainek. Era berean, hondakinak gaika sailkatzeko indizea igotzea ahalbideratuko duela uste du, eta herritarrek zerbitzu hobea jasoko dutela gaineratu du. Sistema berriari eta herritarren inplikazioari esker, 2020rako %40ko birzkiklapen tasatik %75eko tasara iristea jarri dute xede.

BAGOAZZ, norabide berean

BAGOAZZ markapean hasiko dute gaurtik aurrera sentsibilizazio kanpaina. Abenduaren 1era arte iraungo du fase honek, eta informazioa zabaltzeko kanpaina abiatuko dute ondoren. Jarraipen fasea izango da azkenik, sistema berria indarrean jartzen den unetik.

Urola Kostako udalerri guztiak bide berean elkartzeko deiaren erakusle da BAGOAZZ marka. Hondakinak biltzeko tasa areagotzeko aukera bakarra, udalerri guztiak norabide berean joatea dela azaldu dute.

“Modernizatu” lelopean garatuko da sentsibilizazio kanpaina, birziklatzea guztion betebeharra dela adierazi eta bestelako jarrerak beste garai batekoak direla nabarmentzeko. Komunikazio kanpainako euskarrietan pertsonek hartu dute protagonismoa, eta herritarrei modernizatzeko deia luzatzen diete.

“Gipuzkoako beste eskualde aurreratuenen pare” jartzeko, eskualdea martxan jarri behar duela uste du Iturainek, horretarako gaitasuna badagoela gaineratuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!