Arraza anitzeko ganaduen I. Enkantea izan zen atzo Aiako Testaje Zentroan

Karkara 2017ko abe. 18a, 18:59

Arraza anitzeko ganaduen enkantea izan zen atzo lehenbizikoz Aiako Testaje Zentroan. Jende andana elkartu zen bertan, eta balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek. 

Lehenbizikoz, Limusina, Blonda, Pirenaikoa eta Txaroles idisko arrazen enkantea egin zuten atzo Aiako Testaje Zentroan. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Aiako Udaleko ordezkariek parte hartu zuten aurkezpen batekin eman zioten hasiera ekitaldiari, goizeko 10:30ean. Testaje Zentroaren inguruko azalpenak eman ondoren, orduerdi beranduago hasi zuten enkantea. Erosleek goraino bete zuten horretarako prestatutako aretoa, eta harmailetan ez ezik, zutik ere ikusi behar izan zuten batzuk. 

Iñigo Agirre albaitariaren hitzetan, "giro ederra" sortu zen: "Erosleak ziren bertaratutako asko, baina baita sektorearen inguruan mugitzen den jendea ere; jakin-minak bultzatuta gerturatutakoak". 37 buru atera ziren enkantera, eta horietatik 22 saldu ziren. Euskal Herriko erosleak izan ziren batzuk, baina baziren urrutiagotik etorritakoak ere: Huescatik, Caceresetik, Soriatik, Zaragozatik, Valladolidetik...

Atzoko egunaren balorazio "oso positiboa" egin du Agirrek: "Aurreikusi bezala gertatu zen dena. Asko luzatzeko beldurra genuen, baina jendeak gogotik egin zuen lan; eta primerakoa izan zen eguna. 37 burutatik 22 saldu izana emaitza txarra dela pentsa genezake, baina ondo dagoela iruditzen zaigu. Jendeak onenak erosi nahi izaten ditu, eta ona izan arren, aldamenean hobea den idiskoa badago; jendea ez da erostera animatzen. Gainera, enkantera joaten den jendeak, etxetik aukeraketa eginda eramaten du". Enkantearen ondoren, erronka salmentak mantentzea dela aitortu du albaitariak

Nazioartean erreferentzia helburu

Hobekuntza genetikorako zezenak aukeratzen dituzte Aiako Testaje Zentroan. Estatu mailako erreferentzia-zentroa izateko anbizioz sortu zuten, baserritar guztiei berme sanitarioa eta genetikoa eskainiko zizkiona. Hala, 1995 urtean jarri zen martxan proiektua; eta Aiako Laurgain auzoko Ibarrola Goikoa ustiategiaren zati bat utzi zion Gipuzkoako Foru Aldundiak ELIFEri (Euskadiko Limusina Federazioa) proiektua gauzatu ahal izateko. 

Azken urteetan eraikin berriak egin dituzte bertan, arraza guztietako haragi idisko testajeak egiteko. Haragi sektorea hobetzeko balio duten idiskoak lortzeko moldatu zuten lekua. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!