Zaharren Babeslekuko presidente izaten jarraituko du Txomin Iribarrek

Karkara 2018ko urt. 11a, 15:14

Asteazkenean arratsaldean izan zuten Zaharren Babeslekuko bazkideek urteko batzarra. Goraino bete zen Kultur Etxeko areto nagusia, eta hainbat gai izan zituzten mintzagai; besteak beste, 2017ko urteko batzarreko akta onartzea, ekitaldi ekonomikoaren itxiera, jardueren memoria eta zuzendaritza taldeko kideak berritzea.

Diapositiben proiekzioarekin eman zioten hasiera batzarrari. Zaharren Babeslekuak 2017an izan duen zuzendaritza taldea oholtza gainera igo zen ondoren, eta esker hitzak izan zituzten Orioko Udalarentzat, alkatearentzat eta Angel del Hoyo gizarte ongizateko buruarentzat; Zaharren Babeslekuari iaz emandako diru-laguntzarengatik, mantendu duten harreman zuzenagatik eta beso-zabalik hartu izanagatik. Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Jabier Zabaleta, Imanol Urkizu, Santi Zaldua eta Maria Luisa Urbieta udaleko langileak ere aipatu zituzten. 2017ko urteko batzarreko aktari onarpena eman ostean, Jose Angel Zalduak hartu zuen hitza. 2017an Zaharren Babeslekuak antolatutako askotariko ekintzak ekarri zituen gogora. Zaharren Babeslekuaren inguruko datuak ere eman zituzten: egun, 916 bazkide ditu erretiratuen elkarteak.

Zuzendaritza taldeko diruzainak 2017ko diru sarrera eta gastuen xehetasunak eman zizkien bazkideei, eta idazkariak urte osoko jarduerak ekarri zituen gogora. Beste zenbaiten artean, asteazkenero jokatzen duten bingoa, erretiratuen eguna, Galiziara bidaia eta mus txapelketa aipatu zituen.  Bazkideentzat esklusiboki antolatzen dituzte irteerak, baina plazak hutsik geratzen direnean, izena emateko aukera edonori zabaltzen dietela azpimarratu zuten.

Zuzendaritza taldea

10 urte bete dira Txomin Iribar Zaharren Babeslekuko presidente izendatu zutenetik, eta 15 jardueretan parte hartzen ari denetik. Nekatuta dagoela aitortu zuen Iribarrek, baina batzar orokorrean ez zen presidente postua betetzeko boluntariorik aurkeztu; eta beste bi urtez jarraituko du. Nolanahi ere, datozen urteetan bere postua hautatzeko zerbait pentsatu beharko luketela adierazi zuen presidenteak: Bi urterako beteko dut, baina boluntariorik ez badago, zozketa egin beharko dugu presidentea hautatu behar dugunean.

Maria Jesus Ibarretak, aldiz, zuzendaritza taldea utziko duela jakinarazi zuten. Txaloz eskertu zuten bazkideek Ibarretak orain arte egindako lana eta elkartean izandako inplikazioa. Antonita Oliden aurkeztu da boluntario, eta harek ordeztuko du hemendik aurrera zuzendaritza taldean Ibarretaren lana.

Bide batez, Zaharren Babeslekuak bazkideei gogorarazi nahi die urtarrilaren 22tik 26ra bitartean kobratuko dutela 2018ko kuota. Arratsaldez ordaindu beharko da, 16:00etatik 18:00etara, Babeslekuan bertan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!