Enpresa ideia aztertzeko eta enpresa berriak sortzeko diru-laguntzen deialdia egin du Lanbidek

Karkara 2018ko urt. 26a, 10:35

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin du diru-laguntza deialdia, enpresa sortzeko asmoa duten ekintzaileentzat. Otsailaren 7an egingo dute informazio saioa, eta otsailaren 8tik 14ra arte jasoko dituzte eskaerak.

Lanbidek diru-laguntza deialdia egin du enpresa sortu nahi duten ekintzaileentzat. Alde batetik, enpresa ideia aztertu nahi duten sustatzaileei zuzendu die deialdia. Gehienez ere 1.000 eurokoa izango da laguntza, baina %15eko igoera izango du sustatzailea 18 urtetik gorakoa edo 30etik beherakoa bada. Horrez gain, beste %15eko igoera izango du, sustatzailea emakumezkoa baldin bada. Bestalde, enpresa berria sortu eta alta emateko diru-laguntza ere jarriko dute martxan. Kasu honetan, 1.500 eurokoa izango da laguntza; eta zenbateko horrek %15eko igoera izango du ekintzailea 18 urtetik gorakoa edo 30etik beherakoa bada; eskaera aurkezten duen unean. Laguntza honi ere %15a gehituko diote ekintzailea emakumezkoa baldin bada.

Otsailaren 8tik 14ra arte egin daitezke eskaerak, eguerdiko 12:00ak arte, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta Bidea, 6, Zarautz). Otsailaren 7tik aurrera izango dira eskaera egiteko oinarriak eta eskaera orriak eskuragai, urolakosta.eus UKUEren webgunean.

Otsailaren 15 eta 16an baloratuko dituzte proiektuak, eta otsailaren 19an egingo dute programan parte hartu ahal izango duten pertsonen hautaketa.

Informazio-saioa

Deialdiaren inguruko xehetasunak azaltzeko, informazio-saioa antolatu du UKUEk. Otsailaren 7an izango da UKUEren egoitzan, bi saiotan: 10:00etan euskaraz, eta 11:00etan, gaztelaniaz. Saioan parte hartzeko, aurrez izena eman behar dela ohartarazi dute; 943 89 08 08 zenbakira deituta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!