'Open Lab Urola Kosta' ekimena aurkeztuko dute astelehenean

Karkara 2018ko ots. 1a, 17:28
Bailarako bost udalerrietako herritar eta enpresei zuzendutako ekimena da. Astelehen arratsaldean aurkeztuko dute, 19:00etan, Udal Elkartearen egoitzan.

Open Lab Urola Kosta egitasmoa jarriko du martxan astelehenean UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak. Elkarlanerako lekua izatea nahi dute, eta esperimentatzeko, ikertu eta sortzeko, teknologia digitalak, makinak eta erramintak eta prototipoak egiten ikasteko antolatu dute, azkar fabrikatzeko makinak erabiliz. Bide batez, dibulgaziorako espazioa izatea nahi dute: tailerrak, ikastaroak eta workshopak ere antolatuko dituzte. Ezagutzak, asmoak eta ideiak partekatzeko eta ideia berriak sortzeko baliatuko dute ekimena; ekintzailetza sustatzeko.

Bailarako “hainbat eragile eta pertsonen eskariari erantzunez” sortu dute ekimena. UKUEk finantzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Herritar eta enpresa guztiei zabaldu diete parte hartzeko deialdia, eta fabrikazio azkarraren mundu digitalaren arloa ezagutu beharrik ez dagoela nabarmendu dute.

Otsailaren 5ean, astelehenean, aurkeztuko dute ekimena UKUEren egoitzan; eta astelehentik ostiralera 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Larunbatetan, aldiz, 10:00etatik 13:00etara irekiko ditu ateak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!