Euskaraldia udal elkartearen barruan sustatzeko adierazpena onartu du UKUEk

Karkara 2018ko uzt. 6a, 14:44
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako ordezkariak udal elkarteko lehendakari Igor Iturainekin batera.

Aho batez eman zioten baiezkoa atzoko Zuzendaritza Batzordean euskararen erabilera indartzeko udazkenean gauzatuko den egitasmoa babesteko adierazpenari

Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak bat egin du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, “erantzukizunez eta eredugarritasunez” jokatzeko konpromisoa bere egiten du Udal Elkarteak.  Ekimenaren sustatzaile gisa, Elkartearen barruan ez ezik Urola Kostako 5 udalerrietako herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte hartu dezaten. Aldi berean, lurralde mailako politika bateratu bati begira, Gipuzkoan ekimena elkarlanean garatzeko egingo da lan; Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Batzar Nagusien, ahalik eta udal gehienen eta gainontzeko mankomunitateen eskutik. 

Euskaraldia, 11 egunez euskaraz

Eusko Jaurlaritzeko Politikarako Sailburuordertzak eta Euskaltzaleen Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dute Euskaraldia izeneko ekimen berritzailea. Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa kolektiboa izango da Euskaraldia. Datorren udazkenean, 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatzen dira herritarrak.

Horretarako bi subjektu mota bereizi dira: ahobizi eta belarriprest. 11 egun horietan, ahobiziek euskaraz eutsiko diete harremanei solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan. Belarriprestek, aldiz, nahiz eta beraiek euskaraz edo gaztelaniaz erantzun, beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte solaskideak.

Indarra ulermenean jarrita, Euskaraldiaren helburua da ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda daitezkeela. Ahal den heinean, 11 egun horiek igaro ondoren, hizkuntza-praktika  horiei eustea ere lortu nahi da.

Euskaraldia Urola Kostan

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzale eta erakundeak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Gure bailarako herrietan ere osatu dira ekimen hori garatzeko batzordeak, euskararen erabilpen maila handiago sustatu eta praktika linguistiko berriak bultzako dituzten testuinguruak sortzeko asmoz.

Azken neurketen arabera, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dira Euskal Herriko inguru ezberdinetan. Euskaraz hitz egiteko gai den jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Bi datu horiek aditzera ematen digutenez, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude.

Gipuzkoan, oro har, eta Urola Kosta osatzen duten udalerrietan, erabileran eragiteko baldintza soziolinguistiko egokiak ditugu. Bailaran bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren %76 euskalduna da eta beste %10 gai da euskara ulertzeko. Gipuzkoan biztanleriaren %57,4 euskalduna da eta beste % 15,9k euskara ulertzen du.

Administrazioari dagokionez, Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egiteko eta udal langile publiko guztiak ere bai.

Gipuzkoako ordezkari politikoen %86,8 gai da euskaraz hitz egiteko eta beste %3,6 ulertzeko, eta langile publikoen %86,8k hitz egiten du euskaraz.

Baina erabilera-datuek diote gure bailaran etxean eta kalean euskararen erabilera batez beste %50 ingurukoa dela eta Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen %39,5ek hitz egiten duela euskaraz. Bada non hobetu: ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko garaia da, euskararen alde egotetik euskararen alde egiteko garaia. Horretan lagunduko du Euskaraldiak.

Gipuzkoako eta bailarako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, arduradun politikoek beren gain hartu nahi izan dute erakunde publikoen erantzukizuna. Euskararen erabileran urrats berriak egite aldera, eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa berrestera dator erakunde-adierazpena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!