Hezkuntza, natura eta kultura uztartzen dituzte ostiralero Zingiran

Karkara 2018ko uzt. 11a, 14:00
Orioko Gira Nice taldeak ireki zuen Zingira kanpineko kontzertu denboraldia. (Shua LarraƱaga)

Irailetik ekainaren amaiera arte Zingira eskola txikia bada ere, uda sasoian kanpin izaera berreskuratu du, eta ostiralero kultur jarduera irekiak antolatuko dituzte.

Ekainaren 29an ireki zituen ateak Zingira Kanpinak, eta uda sasoiko martxan bete-betean murgilduta daude. Irailetik ekainaren amaiera arte familiek kudeatzen duten eskola txikia da Zingira, baina udan kanpin izaera berreskuratzen du.

Hezkuntza, natura eta kultura uztartu nahi ditu proiektu berritzaileak, eta iaz bezala hainbat kontzertu antolatu dituzte uda denboraldirako. Arduradunen esanetan, uztailaren hasieran eta abuztuaren bukaeran lan gutxi egin ohi da Zingira Kanpinean, eta inguruko herritarrak naturan galduta dagoen parajera erakartzeko kontzertuak antolatuko dituzte, ostiralero. Ekainaren 29an, Giranice taldeak ireki zuen Zingirako kontzertu denboraldia, eta ostiralean Frank Blackfield y Band musika taldea igoko da oholtza gainera 19:00etatik aurrera, blues musika eskaintzera. "Iaz kontzertuek eta haurrentzako jarduerek oso harrera ona izan zuten, eta aurten ere errepikatzea erabaki dugu".

Ostiralero eskaini nahi dituzte kontzertuak uztailean eta abuztuan, baina saio guztiak zehaztuta ez dituztenez, Zingira Kanpinak bere agertokia tokiko artisten eskura utzi nahi du, euren musika, dantza edo bestelako emanaldiak Zingirako publikoaren aurrean eskaini ditzaten. Interesatuak kanpinarekin jar daitezke harremanetan, 682261287 telefono zenbakira hots eginda.

Diru-iturri desberdinak
Sei urte martxan daramatza Zingira hezkuntza egitasmoak, eta aurten 3-11 urte bitarteko 29 ikasle izan dituztela azaldu dute proiektuko kideek. Arduradunen iritziz, "hezkuntza proiektu berezia" du Zingira Eskolak. "Ohiko eskoletan aurkitu daiteken material guztia beraien eskura dute haurrek Zingiran, baina ez diegu presionatzen, beraiek eduki horietara beren interesaren arabera hurbiltzen dira, nahi dutenean". Horretarako, lau bidelagun dituzte ikasleek, beren hezkuntza prozesuan laguntzeko. 

Hala ere, mota horretako hezkuntza proiektu alternatiboak finantzatzea "ez da lan erraza" izaten, eta diru-iturri desberdinak jorratu behar izaten dituzte hezkuntza eragileek, aurrera egin ahal izateko; Zingira Eskolarentzat esaterako kanpina da diru-iturri garrantzitsua. "Familiek hilero ordaintzen duten kuotarekin nahiko larri ibiltzen gara gastu guztiei aurre egiteko. Hori dela eta, duela bi urtetik urte osoan alokatzen dugu Zingira, eta uda sasoian guk kudeatzen dugu kanpina".

Zingira Eskolaren lehen urteetan kanpineko eraikinaren zati bat soilik hartzen zuten errentan familiek, irailetik ekainera bitartean. "Duela bi urte jabeak kanpina saltzeko edo alokatzeko asmoa zuela azaldu zigun. Gurasoen batzarra egin genuen, eta guk alokatzea erabaki genuen. Horretarako, kooperatiba bat sortu dugu familien artean, eta kanpina guk kudeatzen dugu udan, eskola finantzatu ahal izateko", azaldu dute Zingira Eskolako kideek. Dena dela, proiektua ekonomikoki bideragarria izan dadin, udan zehar kanpinean boluntario lana egin behar izaten dute familiek. Orain arteko esperientzia positiboa izan dela uste dute gurasoek, azken bi urtetan alokairua ordaintzeko eta eskolako gastuei aurre egiteko aukera eman baitie kanpinak.   

KONTZERTU EGITARAUA

- Uztailak 13. Frank Blackfield Band (Blues musika)
- Uztailak 20. Urrutiko Intxaurrak (Bakarlaria)
- Uztailak 21. Gureran Rock
- Uztailak 27. Tormenta en el Jardin (Folk-pop musika)
- Abuztuak 3. Hillbilly Jakers (Country Bluesgrass musika)
- Abuztuak 24. Lowriders (Country Rock musika)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!