Zerura begira daude ehiztariak, birigarroa eta usoa pasa zain

Karkara 2018ko urr. 19a, 17:00

Larratxori elkarteko ostegun iluntzeko postu zozketa. (Josu Larrarte)

Ehiza elkarteetan inguruko mendietako ehiza postuak zozkatzen dituzten egunero, eta datozenak ehizarako aproposak izatea espero dute.

Urriaren 12an amaitu zen ehiza-debekualdi orokorra Gipuzkoan, eta ehiztariak dagoeneko zerura begira dira, birigarroa eta usoa noiz pasako zain. "Paseko hegaztiak dira, iparraldetik hegoaldera joaten direnak" azaldu du Josu Larrartek. "Debekualdia amaitu denetik gaurkoa izan da egunik onena, birigarro asko pasa baita. Izan ere, hau da garairik onena, eta hurrengo egunetan ere ehiza politak egitea espero dugu", dio aiarrak. 

Hegazti mota horiek, inguruko hainbat menditan estrategikoki jarrita dauden postuetatik ehizatzen dituzte ehiztariek, eta egunero-egunero postu horien zozketa egiten dute ehiza elkarteetan. Aiako kaskoan esaterako bi elkarte daude, Larratxori eta Alkar, eta horietako bakoitzak ehiza lerro desberdin bat du. "Larratxorin Aia eta Andatzarreta artean dagoen Altzuzelaiko mendia dugu, eta Alkar elkarteak Iturriozko eremua. Urdanetako elkarteak ere inguruko mendia kudeatzen du, eta bertako postuetan ere ehiztari askok ehizatu nahi izaten dute", azaldu du Larratxoriko postuen zozketako arduradun Josu Larrartek.

Egunero zozketa
Ehiza postuak zozketa bidez banatzen dira egunero. Elkarte batzuetan goizeko 06:00ak aldean egiten dute zozketa, baina Aian bezperan, iluntzeko 20:00ak aldean, zozkatzen dituzte hurrengo egunerako postuak. Zozketetan edozein ehiztarik parte hartu dezake, ez baita beharrezkoa elkarteko bazkide izatea. "Ehiztari bakoitzak egutegi moduko txartel bat izaten dugu, eta zozketan parte hartzen dutenei zulotxo bat egiten diegu egutegian, egun horretan gure elkarteko zozketan parte hartu duela adierazteko". 

Federatuta dauden ehiztariek bi euro ordaindu behar dituzte zozketan parte hartzeko, eta bakoitzari zenbaki bat ematen diete arduradunek. Zozketan postua tokatu zaienek beste euro bat gehiago ordaindu behar izaten dute, eta bigarren zozketa batean parte hartzen dute, zein postu egokitu zaien jakiteko. Zozketa bukatzen denean, elkarteak agiri ofizial bat ematen dio ehiztari bakoitzari, eta hori gainean dutela joan behar izaten dute hurrengo egunean ehizatzera.

Goiz-eguerdi partean
Goizean goiz joaten dira ehiztariak postuetara. "Normalean 11:00-12:00ak bitartean pasatzen da hegazti gehien, eta eguerdi alderako martxa egiten dugu. Uso-egun onetan arratsaldera arte ere geratu gaitezke, baina ez da askotan gertatzen. Beste askotan berriz, ordubete-bi ordu egondakoan konturatzen gara ez dela hegaztirik pasatzen, eta horrelakoetan etxera bueltatzen gara". Izan ere, inork ez du jakiten zein egunetan pasako den hegazti-saldoa. Larrarteren esanetan, "teorikoki hego-haize egunak hobeagoak dira hegaztien paserako, baina ez da inoiz asmatzen. Gerta liteke hego-haize egun batean esperantzatsu joan eta ezer ez ehizatzea, eta lainotuta eta euri pixka bat ari duela uso taldea pasatzea". Faktore askok eragiten dute, "Europa iparraldean egiten duen eguraldiak edota hegoaldeko giroak. Nahiz eta guk giro polita izan, hegaztiek hegoaldean eguraldi txarra dagoela antzematen badute, ez dira pasatzen. Azkenean, asmatzen duena, egunero joaten dena da".   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!